Umore Ona taldeak ekin dio denboraldi berriari. Urriaren 17an jokatu zuten lehendabiziko partidua, Beraunen kontra, eta hura galdu egin zuten. Bigarren partidua berriz, etxean jokatu zuten, eta irabazi. Lehengo astean atseden hartzea tokatu zitzaien eta gaur jokatuko dute hirugarren partidua, Oiartzungo Miren tabernaren kontra. Etxean jokatuko dute goizuetarrek, 20:30etatik aurrera, eskolan.
Hasiera nahiko ona izan dutela eta gustora direla azaldu dio Xabi Zugarramurdi entrenatzaileak Kronikari.
Jende berria eta gaztea
Aurtengo taldearen inguruan galdetuta, Zugarramurdik azaldu du taldea hobeto ikusten duela: «Jende berria sartu da aurten taldean, gazteak, eta gehiago gara. Lehengo urtean jende gutxi ginen eta lana tarteko, askotan entrenamenduak ere ez genituen behar bezala egiten. Orain, astean bitan entrenatzen ari gara. Hobeto ikusten da taldea».
Denera, 12 jokalari dira eta bi entrenatzaile. Zugarramurdirekin batera, Beñat Lekuona aritzen da laguntzen. Iaz, 8-9 jokalari ziren eta entrenatzaile bat.
Ongi pasatzea helburu
Taldea sendotuta ikusita, aurtengorako ze helburu duten galdetuta, halaxe erantzun du entrenatzaileak: «Futbola gustatzen zaigu eta ongi pasatzea da gure helburua, ez besterik».
Etxeko babesa, gaur
Gaurko partiduari begira, aurkariena, talde polita dela dio Zugarramurdik, baina oraingoz, goizuetarrak aurretik direla: «Hiru partidu galdu dituzte. Gainera, gu etxean ariko gara eta horrek ere lagunduko digu».
Jokalari guztiak: Ekaitz Loiarte, Morar Vlad Dorian, Beñat Lekuona, Mikel Perurena, Patxi Etxeberria, Ander Apezetxea, Mikel Huizi, Oihan Zugarramurdi, Urko Apezetxea, Aimar Zugarramurdi, Eder Aguilar eta Patxi Etxeberria.
Entrenatzailea: Xabi Zugarramurdi.