Dobera Euskara Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak bultzatutako proiektua izan da Burbunak eta etsayak. Landare eta animaliei buruzko corpusa osatzeko helburuarekin hasi zen, baina aurretik, dokumentala egin dute, naturarekin harremana mantendu duten hernaniarrei egindako elkarrizketekin osatua.
Dokumental osoa azaroaren 14an ikusi ahal izango da aurrenekoz, 18:00etan Ereñotzuko San Antonio elizan. Ondoren, abenduaren 4an Biterin jarriko dute, 19:00etan, eta abenduaren 7an, Durangoko Azokan, 13:00etan.
Gaurtik aurrera, ordea, aurrerapen txiki bat ikusteko aukera izango da interneten; Kronikaren edota Aranzadiren webguneetan.
Larunbateko Kronikan, erreportajea
Proiektua hobeto ulertu eta ezagutzeko, erreportajea argitaratuko du Kronikak larunbat honetan. Bertan bilduko dira proiektuan lanean aritu direnen azalpenak. Lau lagun aritu dira: Eñaut Agirre filologoa, Iñaki Sanz Azkue biologoa, Joxean Ruiz kamara profesionala, eta Jon Mari Beasain, editatzailea. Era berean, laguntza haundia eman diete bi gaztek, irudiak hartzen: Egoitz Alkorta hernaniarrak eta Ander Izagirre elgoibartarrak. Diruz ere lagundu dute, Ereñotzuko Auzo Udalak eta Hernaniko Udalak.
Natura ondarea eta hizkuntza jaso dituzten 25 hernaniar ingururi egindako elkarrizketekin osatu dute lana.