«Gogo haundia daukat Behobia iristeko», dio Maitane Guerrero atleta hernaniarrak. Baina, egiaz, esan beharrik ere ez dauka; aurpegian daramaki marraztuta. Eta ez da gutxiagorako: maila bikaina eman du aurten, eta hautagai nagusietako bat da, gipuzkoar onena izateko: «hori da erronka, eta kapaz ikusten naiz lortzeko, baina besteak ez dira gutxiago».
Eta horixe da zirrara gehien sortzen diona, faboritoen arteko parekotasuna: «oso maila berdintsuan gaude hiru edo lau neska, eta oso polita izango da, oso emozionantea. Edozeinek irabazten duela ere, aldeak oso txikiak izango dira».
«Claudia Behobideri irabazi izanak, konfiantza haundia ematen dit»
Claudia Behobide hondarribiarra da izen nagusia, aurkarien artean; «aurkariak lasterketan, noski, hortik kanpo ez baitago inongo ribalidaderik». Eta hain justu, Behobideri aurrea hartzetik dator, azken lasterketetan: «horrek konfiantza haundia ematen dit. Orain arte, bera izan da Gipuzkoako onena, eta behin irabaztea ikaragarria bazen, pentsa gehiagotan! Hala ere, oso tarte txikiarekin irabazi diot, eta edozein lasterketetan hartuko dit aurrea berriro».
Behobian, akaso? «Nahi nuke aurreneko gipuzkoarra izan, ez dudalako lortu orain arte, eta nire marka ere hobetzen badut, askoz hobe», dio Guerrerok; «baina ez bada posible, hurrengoan saiatuko gara. Karrera bakoitza da ikasteko toki bat».
Lasterketa irabaztea, ordea, beste batzuen eskura dago: «kanpotik datoz hiru bat korrikalari, profesionalak edo ia profesionalak, beste maila batekoak; eta gero hiru edo lau gaude, aurreneko bosten artean sartzeko».
«Orain, ezagutzen naute eta zerbait espero dute»
«Indartsu» ikusten du bere burua Guerrerok: «azken hilabete eta erdian egin ditudan karrerak, entrenatzeko izan dira: teknikak, estrategiak... Ariketa ezberdinak landu ditut horietan, eta emaitzak oso onak izan dira». Indartsu ikuste horretan, aurten daraman denboraldi bikainak ere badauka zeresana: «bereziki aurten nabaritu dut saltoa nire mailan, eta orain, jendeak ezagutzen nau eta zerbait espero du nigandik».
«Lasterketa barruan, ez dut ezertan pentsatzen. Hurrengo metroetan eta aurreko korrikalarian daukat burua».
Eta orain, hain aurrean ikusten denean, gogoratzen da nola hasi zen korrika egiten: «enpresen lasterketa batera apuntatu ninduten, eta hortik aurrera, jarraitu egin nuen. Hasieran gogorra da, berehala nekatzen zara, bakarrik ateratzen nintzen gainera... Baina eutsi, pixkanaka hobetuz joan naiz, eta begira, gaur arte».
Duela hiru urte hasi zen entrenatzaileekin lanean: «gehiegi entrenatzen nuen, maratoi erdiak prestatzen, eta jakin nahi nuen, batetik, ondo ari ote nintzen entrenatzen; eta bestetik, nire osasunerako ona ote zen. Eta konturatu nintzen, entrenamendu mota ezberdin asko daudela, eta eraginkorragoa dela. Hobeto entrenatzen dut ordutik, eta nabaritu egin dut».
«Aurreneko Behobia ez nuen pozik bukatu, eta pentsatu nuen ez nintzela bueltatuko»
Behobia-Donostia lasterketan bertan, bere markek erakusten dute progresio hori: «aurrenekoa, egin nuen dagoeneko banekienean gai nintzela. Baina ez nuen pozik bukatu, eta pentsatu nuen ez nintzela hara bueltatuko. Hurrengo urtean, ordea, 13 minutu azkarrago egin nuen. Eta joan den urtean ere, beste 13 minutu jaitsi nuen nire marka». Beste pausotxo bat emateko gai ikusten da, aurten ere.
Baina ez du horretan pentsatu nahi, lasterketa barruan ezertan pentsatzen ez duen bezala: «hurrengo metroetan eta aurreko korrikalarian daukat burua. Animoak ere, entzun egiten ditut, baina zaleak ez ditut ikusten». Hasi aurreko uneak daude pentsatzeko, nahiz eta Behobian «oso kaotikoak» diren momentu horiek: «jende asko dago, denak urduri, gogoz...».
Horregatik, lasterketa eremutik kanpo berotu nahi izaten du: «hori da nire errituala, baina iazko Behobian ez zidaten utzi. Aurreneko taldean nengoenez, hesiez inguratuta geunden. Oso haundia da dortsal horia edukitzea, baina hainbeste jenderen tartean... Momentu hartan, eskertuko nuen karrera txikietako lasaitasuna».
Argazkirako zita, 07:50etan pistan
Urtero bezala, autobusa jarri dute Behobiara, 08:00etan abiatuta. Eta aurretik, parte hartuko duten hernaniarren taldeko argazkia egingo du Kronikak: goizeko 07:50etan, atletismo pistan.