Historiaurrera atzera eginen dute gaur

Kronika - Erredakzioa 2015ko aza. 7a, 01:00

San Martin egunaren harira, festa izanen dute gaur Aranon. Hainbat ekintza antolatu dituzte egun osoan zehar. Goizean zehar, bisita gidatua izanen da jentilbaratzetara edo mairubaratzetara (10:00), eta arratsaldean (17:00), arkeologia tailerra eginen dute. Iluntzean (20:00), berriz, ohiko talo eta gaztaina jatea izanen da. Eta baita talo tailerra ere.

Bisita gidatua, Suhar elkarteko arkeologoekin
Goizeko bisita gidatua, Suhar arkeologia elkarteko kideekin izanen da. Jentilbaratzak edo mairubaratzak, cromlechak dira eta ehorzketarako erabiltzen ziren. Hori guztia eta gehiago azalduko dute. Beñat Iturriotzek mo­nu­mentu megalitiko hauen ga­rran­tzia ere azpimarratu du. Gaur egun, askotan, zaharren gauzak bezala hartzen dira, baina kontuan izan behar da oso leku gutxitan daudela, nahiko arraroak direla, eta hemen badauzkagula. Garrantzia haundikoak dira, aberastasun kultural haundikoak. Ehorzketarako erabiltzen ziren eta puntu altuetan, mendietan kokatzen ziren. Hernanitik, Adarratik Aranora dijoan krestan, asko dauzkagu. Aranon bertan ere, kontzentrazio asko dago. Eta asmo horrekin antolatu da bisita gidatua, konturatzeko ze aberastasun daukagun bertan».

Zahori baten ikuspegia ere bai
Iñaki Garijo zahoria ere izanen da bisita gidatuan. Garijok, hagatxo (varilla) eta penduluak erabiliz, leku horretako energia aztertu eta azalduko du. Halaxe adierazi dio Kronikari: «Leku horiek ez zituzten kasualitatez aukeratu. Ehorzketarako leku-ak ziren. Bertan, korronte teluriko eta korronte kosmikoak bat egiten dute eta leku horiek aukeratzen zituzten altuago bibratzeko, iritsi beharreko leku berezi horretara zabaltzeko, garraiatzeko, edo amalurrarekin konekta­tzeko». Energia hori sumatu litekeela dio, tresnak erabiliz: «Garai hartan gizakiak bazekien sumatzen energia hori eta gaur egun ere, batzuk badute gaitasun hori, baina orokorrean, galdu egin dugu. Animaliek ere badute ahalmena». 
Saioa pedagogikoa izanen dela azaldu du Garijok beraz, hurbiltzen denak probatzeko aukera izanen du.

Arkeologia tailerra, arratsaldean
Arratsaldean, berriz, 17:00etatik aurrera, historiaurreko tailerra emanen dute Suhar elkarteko kideek. Sua egiten erakutsiko du-te egurrarekin, bultzagailua erabiltzen erakutsiko dute (arku mo­dukoa, 2 metroko geziak bota­tze­ko erabiltzen zena), historiaurreko arkuarekin ibiliko dira, kobazuloetan erabiltzen ziren pintura teknikak erakutsiko dituz­te, suharria lantzeko tek­nikak erakutsiko dituzte eta suharriarekin egindako piezak ere bai. 
Megalitoen bisita gidatua eta historiaurreko tailerra, CAN fundazioak emandako laguntzari esker eginen dira.

Taloak egiten ikasteko aukera
Talo tailerra ere antolatu dute 20:00etatik aurrera. Herrigin­tza Eskolaren barruan izanen da. Eta horrez gain, ohiko talo eta gaztaina jatea eginen da. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!