Bi hilabeteko prozesua egin du EH Bilduk, herritar eta eragileekin, eta beraien proposamen eta ekarpenak jasota, osatu du Kultur Etxearen eta herriko espazioen proposamena. Epe laburrean aurkeztuko du Udalean, aurreratu duenez.
«Kultur Etxea eraiki behar duen promotorak, eraikinaren tamaina eta inbertitu beharreko dirua murrizteko proposamena egin du; mahai gainean dagoen zirriborro ‘ofizial’ bakarrean, tamaina 3.500 metro karratutik 2.725era murriztuta dago. Hala ere, EH Bilduk irmoki babestuko du, bere garaian sinatutako konpromisoak bete ditzan», azaldu du alderdiak.
EH Bilduren ustez, arte jarduera desberdinak barnean bilduko dituen elkargunea izan behar du Kultur Etxeak, eta aukerak eman ditzake, dinamika berriak eta elkarteen arteko erlazioak areagotzeko.
Begi onez ikusten du liburutegia, auditorioa eta musika eskola bertan kokatzea, baina proposatu du, musika gunea espazioa ere sortzea; «musika eskolatik kanpo, musikagintzan interesa duen edonorentzat irekia egongo den gunea». Eta proposatu du gehitzea, baita ere, dantzarako gunea, kanturako gunea, antzerkirako baliabideak, eta erakusketak egiteko espazioa.
Proposamena, Udal espazioak berrantolatzeko
Udal espazioak berrantolatzea ere, proposatu du EH Bilduk: Haurreskola Urumea Berrira mugituta, orain daukan lokal haundian AEK eta txikian Xaguxar elkartea eta ludoteka kokatu; Bake Epailea Galtzaurren lokal ondotik aterata, jubilatuen lokala haunditu, eta Bake Epailea kokatuko den tokian, Udaltzaingoa ere jarri; eta Gazte Lokala kiroldegi azpira pasa, eta bere tokian jarri biltegi txiki bat, eta Emakumeon Etxea deituriko erabilera anitzeko aretoa.
«EAJren jarrera lotsagabea, onartezina eta gezurtia da»
Modu berean, EH Bilduk kritikatu du EAJren «jarrera lotsagabea, onartezina eta gezurtia. Batzordeetan lasai asko onartu dute, Kultur Etxearen diseinua ez zutela herritar eta eragileekin konpartitu nahi; eta egun hauetan, harro agertu dira haiekin batera egin dela esanez. Gezur borobila. Lotsatzekoa da, gainera, duela 7 urte bi eragilek egindako ekarpenak nahikoak direla esatea».
Eta EAJri gogorarazi dio, EH Bilduri esker 2019rako egina egon behar dela Kultur Etxea, «datarik ez zuen Kultur Etxeari, hasiera eta bukaera datak ezarri genizkiolako». Eta kritikatu du, EAJ ez dela konturatzen, Kultur Etxea ez dela alderdi baten proiektua, herriak adostu beharrekoa baizik.