Etxebizitza eskubidearen aldeko Urrunegi Hernani taldeak prentsa oharra bidali du, eskatzeko, Hernani Erabaki prozesu partehartzailean 28garren proposamenaren alde bozkatzeko.
Etxebizitza lortzeko aukeraz gain, lanpostuak sortzekoa
Urrunegik azaldu du, proposamen honek «etxebizitza bat lortzeko aukera» emango lukeela, baina horrez gain, baita «lanpostuak sortzeko aukera» ere, «proiektua nola garatu denon artean erabaki eta obrak egiteko aukera ere herritarrei uzten bazaie. Alokairu sozialera bideratzeak, zehazteko proiektu oso bat dagoela esan nahi du, eta beraz, denon artean erabakitzeko eta gorpuzteko proiektu bat dela».
«Ez du etxebizitzaren arazoa konponduko, baina lehen urrats moduan ulertu daiteke»
Egungo eredua eztabaidan
Urrunegik argi dio: «Proiektu honek ez du etxebizitzaren arazoa konponduko, baina lehen urrats moduan ulertu daiteke».
Mugimendu honen esanetan, «egungo etxebizitza eredua eztabaidan jartzeko aukera izan daiteke (...). Etxebizitza politika berri bat zehazteko aukera emango digu proiektuak, eta eskubideak bermatzen hasteko ateak ireki».
Era berean, pribatuaren aurrean, publikoa defendatu dute: «horrela, bizi baldintza duinetan bizitzeko aukera zabaltzen zaigu, gazte zein herritar orori. Alokairu duinaz edota lan sozialaz bizitzeko aukera, interes pribatuei erantzun ordez».