Errefuxiatuen Harrerarako Lan-Mahaia osatu zuten Hernaniko Udalak eta hainbat eragilek: Eliza Ebanjelikoak, Eliza Katolikoak, Amherrek, Caritasek eta Elikagai Bankuak.
Eusko Jaurlaritzak, Elikagai Bankuak, ACNURek eta Gurutze Gorriak Euskal Autonomia Erkidego mailan antolatu du harrera, eta helburua da, horretan laguntzea.
Horregatik, egoera ezagutzeko mahai-ingurua antolatu dute gaur, arratsaldeko 19:00etan Biterin. Asiloa eta errefuxiatuen krisialdia du izenburu saioak.
Egoeraren analisia, eta datozen pausuak
Mahai-inguruan hitz egingo dute Sos Arrazakeriako eta Gipuzkoa Solidarioko bi kidek: Agustin Unzurrunzagak, Europan bizi den errefuxiatuen krisiari buruzko analisia egingo du; eta Gerardo Karrerek, Euskal Herrira iritsi daitezkeenei behar bezalako harrera egiteko ematen ari diren pausoak azalduko ditu.
Hernaniko Udalak eta Lan-Mahaia osatzen duten gainerako eragileek, dei egin diete hernaniarrei, parte hartzera animatzeko.