2011 hasieran, Astigarragako Udalak 562.000 euro ordaindu behar izan zizkion enpresari bati, kalte ordain gisa, 1995ean sinatu zen hitzarmen batengatik. EH Bilduk Kronikara bidalitako oharrean azaldu duenez, ahaleginak eta bi egin ditu diru hori herriari itzultzeko, baina azken epaiak, bertan behera utzi du diru hori berreskuratzeko prozedura.
Oharrean dio, aste hasieran iritsi dela epaia: «Udalaren eta herriaren interesen aurka dijoa. PSE, PP eta Ezker Batuko zinegotziek ardurak aztertzeko eskaera egiten zuten; baina EAj eta Hamaikabaten ardurapean zegoen, eta ez zen aurrera atera. EH Bilduren legealdian gaia berreskuratu zen». EH Bilduren esanetan, gaiaren muinean, Mikel Zabalak 1995ean sinatutako hitzarmena dago: «Plenotik pasa gabe, eta inongo txostenik gabe, orduko Alkateak sinatu zuen hitzarmena. 2003 eta 2006ko epaiek baliogabea zela baieztatu zuten, nahiz eta hitzarmenean jasotakoa Udalak bete behar zuela agindu. Hala, Udalak enpresari 415.000 euro inguru ordaintzea behartu zuen. H1! eta EAJko gobernuek ordea, ez zuten 2011 bitartean ordainketa agindua bete, eta 5 urte horietan, 145.000 euroko interesak sortu ziren. Kalte ordaina 562.000 euroraino haunditu zen».
«Erreklamazioa, gaizki egina, gaizki egin duenak ordain zezan»
EH Bilduk dio, Udalak guztia mahai gainera jarri, eta azterketa egitea erabaki zuela, Mikel Zabalak egoki jardun zuen edo ez jakiteko: «prozesu horretan parte hartu zuten lekukoek, teknikariek eta kanpoko jurista eta arkitekto adituek. Ondorioa izan zen, hitzarmen hori ez zela inoiz sinatu behar, Udalak beregain ez zegozkion konpromiso eta obligazioak hartu zituelako, besteak beste, enpresariari, ez zegokion kalteordain eskubidea aitortuz».
Hala, erreklamazioa egitea erabaki zuten: «gaizki eginak gaizki egin duenak ordaintzeko helburuarekin egin genuen erreklamazioa, Estatuan inoiz martxan jarri ez den prozesu administratiboarekin».
«Azken epaiarekin bukatu da prozesua»
Aste honetako azken epaiarekin prozesu guztia bukatu dela dio, EH Bilduk: «Udalak alkateari erreklamazioa egiteko eskubiderik ez duela baieztatu du epaileak. Epaia onartu behar dugu, baino ez dugu bat egiten, ordainak herritarrok jasan behar ditugulako. Etsigarria da». EH Bilduk dio, agerian geratu dela erakundeek urteetan izan duten inpunitatea: «halako prozesu bat martxan jartzen lehenak izan gara, eta oraingoan ez dugu lortu. Baina ziur gaude, beste batzuentzako bidea ireki dugula Astigarragatik. Ez gara damu, gure konpromisoei segida emanez jarri genuen martxan prozesua eta berriz ere egingo genuke. Inpunitateak ez du lekurik Astigarragako Udalean».
Bukatzeko, diote, Mikel Zabalak ez zuela egoki jardun: «hala baieztatzen dute txosten guztiek; eta epaileek ere, hitzarmena baliogabea dela diote». Galdera bat ere, badute: «zer egin zuten H1! eta EAJko zinegotziek 2006tik 2011ra 146.000 euroko zigor gehigarria sortzeko?».