Atzo hasi, eta eguraldia lagun, bi astetan egingo dira asfaltatze lanak herriko hainbat gunetan. Hori horrela, trafiko aldaketak izango direla jakinarazi du Herri Lanetako Sailak, eta «eragozpenak barkatzeko» eskatu du.
Floridako tren azpiko tunela
Bidegorrirako lanak direla eta, Floridako trenbide azpiko tunela itxi egin dute, kotxeentzako, eta horrela egongo da ostiral arratsaldera arte. Oinezkoek eta bizikletek pasatzeko aukera izango dute.
Bestalde, atzo Eziago poligonoan lanean hasi ziren, eta baita Akarregin ere. Bertan, asmoa da gasolindegi inguruko oinezko eta bizikleten bidea indartzea.
Ibaiondon eta Portu auzoan, gaur
Gaur bertan Ibaiondon egingo dira trafiko aldaketa batzuk; Ariceta eta zubiaren artean trafikoa txandaka pasako da, baina ez da bidea itxiko.
Portu auzoan, berriz, tuneletik lonjara ariko dira lanean, goizeko 09:15etan hasita. Tunela itxi egingo da goizean zehar, eta beraz, ezingo da Portutik Hernaniko erdigunera joan. Hala ere, oinezko eta bizikletei pasatzen utziko zaie, eta baita Portuko bizilagunei ere, Ibarrolaburu plazara joateko.
Bihar, Ibaiondon berriro
Ibaiondon bihar ere jarraituko dute lanekin. Horrela, berriro ere txandaka pasako da trafikoa, Ariceta eta zubiaren artean, nahiz eta ez den bidea guztiz itxiko.