INDARKERIA Matxistaren aurkako martxa egingo dute azaroaren 7an, larunbatean, Madrilen. Martxan parte hartu nahi duten astigartarrek joateko aukera izango dute; izan ere, Harituzek, Astigarragako emakumeen elkarteak, autobusa antolatu du Madrilera joateko, Udaleko Berdintasun Sailaren babesarekin.
Martxak Estatu mailako Plataforma ezberdinak bilduko ditu, guztiak, helburu berdinarekin: Emakumeen eskubideak bultzatu, genero desberdintasunari aurre egin eta indarkeria matxistaren aurka azaldu.
«Hiru helburu izango ditu martxak: emakumeen eskubideak bultzatu, genero desberdintasunari aurre egin eta indarkeria matxistaren aurka azaldu»
Zortzi plaza libre, momentuz
Autobusa larunbatean bertan aterako da, goizaldeko 02:30etan, Barandiaran Plazatik. Buelta berriz, igandean egingo dute, arratsaldean zehar. Madrilgo alojamendua eta estantzia norberak ordaindu beharko ditu.
Azaldu dutenez, momentuz zortzi plaza daude libre. Izena emateko, telefonoz deitu behar da 630 678 474 telefonora, eta Isaren galdera egin.