Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu da deialdia, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko arauak ezartzen dituena, Gazteen Bermearen Sisteman izena emanda dauden gazte langabeak lan munduan txertatzea errazteko asmoz.
Goizuetako Udalak dirulaguntza hori erabiltzeko asmoa azaldu du, kontratazio bat egiteko. Zerbitzu anitzetarako sei hilabeterako kontratua izango da, lanaldi osokoa. Dirulaguntza ez litzateke nahikoa soldataren osoa ordaintzeko, baina Goizuetako Udalak faltako litzakeena osatzeko asmoa azaldu du. Zehatz-mehatz, 10.575 euroko inbertsioa eginen du.
Kontrataziorako aukera izateko, Gazteen Bermearen Sisteman izena emateko deia
Goizuetako Udalak eginen duen kontraturako aukeratua izateko, ezinbestekoa da Gazteen Bermearen Sisteman izena emanda egotea, eta horregatik, Udalak dei egin du inskripzioa egiteko.
Izenematea modu telematikoan, hau da, ordenagailu bidez egin behar da, empleo.navarra.es web orrian, azaroaren 11ra arte.
Besteak beste, baldintza hauek bete behar dira izena emateko: Espainiako nazionalitatea edukitzea, bertan erroldatua egotea, 16 eta 30 urte bitartekoa izatea, aurreko 30 egunetan lanik egin ez izana edota azken 90 egunetan ikasketarik egin ez izana.