Erakusketak, zinema saioak eta festa giroa, azaroko egunak goxatzeko

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 31a, 01:00

Azaroa ekintzez betea dator, Goizuetan. Umore Ona elkarteak eta Goizuetako Kultur Taldeak antolatuta, eta Uda­lak lagunduta, hainbat saio eta festa egun izanen dira hil osoan zehar.
Hasteko, datorren ostiralean Ixkibiko Yamanen Irrifarrak dokumentala ikusteko aukera izanen da, arra­tsaldeko 19:00e­tan Ganbaran.

Beste bi zine saio
Ostiraleko emanaldiaz gain, beste bi zine saio ere izanen dira. Hilaren 22an Difret filma jarriko dute, 19:00etan Gan­baran eta hilaren 27an, Amama ikusteko aukera izanen da; 19:00etan Ganbaran.

Musikak eta bertsoek ere, bere tokia
Bestelako emanaldien artean, musikak ere izanen du tokia. Hasteko, hilaren 13an kantaldia izanen da, 19:00etan Ganbaran, Nerea Erbiti eta Iñigo Agirreren eskutik.
Bestalde, hilaren 21ean, Leitzako Jeiki abesbatzaren bisita jasoko dute goizuetarrek. Arratsaldeko 19:00etan kantatuko dute, elizan.
Bezperan, berriz, Xalto Sariketa bertso finala eginen da Goizuetan; gaueko 21:00etan hasita, elkartean.

Haur eta helduentzako emanaldiak
Hori guztiaz gain, adin guztietako goizuetarrek gozatzeko moduko ekintzak antolatu dira.
Datorren asteburuan, larunbatean, umeentzako jolasak eta txokolatada izanen dira, eta baita Ura eta Zura erakusketa ere. Igandea, berriz, Jubilatuen Eguna izanen da. Bestalde, hilaren 14an, Goizuetan Bazen antzezlanaren 25garren urteurrena izanen da, eta 18an Amaia Nausiak bere liburua aurkeztuko du.
Hila bukatzeko, Goizuetako Feria ezaguna jarriko da azaroaren 28an.

AZARO KULTURALA
Azaroak 6
19:00, Ganbaran, Joseba Elizegik, (Ixkibiko Yaman) Nepalen grabatutako irudiak, Irrifarrak dokumentalean.
Azaroak 7
17:00, Umeentzako jokuak eta txokolatada, frontoian.
18:00-20:00, Ura eta Zura erakusketa, Ganbaran; Mikel Illarregiren argazki eta olerkiak.
Azaroak 8
Jubilatuen Eguna.
Azaroak 13
19:00, Nerea Erbiti eta Iñigo Agirrerekin kantaldia, Ganbaran.
Azaroak 14
19:00, Goizuetan bazen antzezlanaren 25garren urteurrena, Jangelan.
Azaroak 18
18:00, Amaia Nausia historialariaren Birjinak ala putak? 500 urteko doktrinatze femeninoa liburuaren aurkezpena, Jangelan.
Azaroak 20
21:00, Bi urtean behin ospatzen den Xalto sariketako bertso finala, elkartean, afalondoren.
Azaroak 21
19:00, Leitzako Jeiki abesbatza, elizan.
Azaroak 22
19:00, Difret filma, Ganbaran. Emakumeen aurkako indarkeriaren egunaren bueltan, giza eskubideak urratzen dituzten tradizioen inguruko hausnarketa (jatorrizko hizkuntzan, euskarazko azpitituluekin.
Azaroak 27
19:00, Amama filma, Ganbaran. Sarrera: 2 euro.
Azaroak 28
Artisau, nekazaritza eta azienda feria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!