Aurkari zuzenak, mendean hartu behar izaten dira etxean, eta ondo egin zituen etxekolanak atzo Hernanik, Landaren. Nagusi izan zen Pozueloren kontra, eta 22-18 irabazi zuen, nahi baino estuago azkenean. Erasoko bonusa ere lortu zuen, bost puntu klabe eskuratzeko.
Hasi eta hamar minutura estreinatu zuen markagailua Colladok, entsegu batekin, eta Pozueloren zigor kolpe baten ondoren, beste entsegu bat lortu zuen Aitor Lucasek, atsedenaldira iristear (10-3).
Bi jokalditan, ia erabakita
Aurreneko zatia bukatu bezela hasi zuten bigarrena trikoloreek, nahiz eta Pozuelo izan zen asmatzen aurrena, zigor kolpe batekin (10-6). Baina ordu laurdena igarota, bi jokalditan jarri zuen partidua oso alde Hernanik. Aurrena, melean baloia berreskuratuta eta marratik gertu, bikain konbinatu zuten hernaniarrek, eta zutoinen artetik pasa zen Tony Jones, baloia lurrean jartzeko (17-3). Eta gero, ostiko on bati esker erasora igarota, bandako sakea aprobetxatu zuten, maul batekin aurrera eta aurrera egin, eta metro eskas batera geratzeko. Colladok pausatu zuen baloia, marraren bestaldean (22-11).
Azken hamar minutuetan, bi entsegu lortu zituen Pozuelok, Hernani bat gutxiagorekin geratu zela aprobetxatuta. Momentu txarra igarota, ordea, etxean geratu zen garaipena.