Ligaxkako bi partidu gaur, Binakako Txapelketari hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 31a, 01:00

Erremonteko Binakako Txa­­pelketaren 45garren edi­zi­oari emango zaio hasiera gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Galarretako fron­toian.
Guztira, sei bikotek har­tuko dute parte, eta tartean izango da Barrenetxea IV hernaniarra. Hain zuzen, gaur jokatuko du Ezkurra IIrekin, Urriza eta Agi­rre­zabalaren kontra. Bestalde, txapelketaren barruan beste partidu bat ere izango da gaur jokoan; Ezkurra-Endika eta Matxin III-Ionen artekoa.

Ligaxkan denak denen kontra
Aurtengo jokoan lehengo urteko sistema erabiliko da. Sei bikote ariko dira txapela lor­tzeko lehian: Urriza-Agi­rre­zabala, Ezkurra II-Barre­netxea IV, Ezkurra-Endika, Etxeberria IV-Etxeberria III, Uterga-Olazar eta Matxin III-Ion.
Gaur hasi eta azaroaren 28ra bitartean 15 partiduko ligaxka jo­katuko dute, eta denak denen kontra ari beharko dute. Finalerdietara pasako dire­nak izango dira puntu gehien lortutako aurreneko lau bikoteak.
Puntu sistema iazkoa izango da: partidua irabazten dutenek 4 puntu jasoko di­tuz­te; galdu, baina 36 eta 39 tan­toren artean egin dituztenek, 2 puntu; galdu, baina 32 eta 35 tantoren artean egiten dituztenek, puntu bakarra; eta 32 tanto baino gutxiago eginez gero, punturik ez.
Laugarren eta bosgarren saikatuek puntuak berdin­tzen badituzte, bien arteko partidua irabazitako bikoteak egingo du aurrera. 

Bikote parekatuak osatu dituzte, baina Urriza eta Agirrezabala jotzen dituzte indartsuenen artean. Gaur ikusiko da.

Finalerdietan, bina partidu
Finalerdiak abenduaren 5 eta 12an jokatuko dira, bina par­tidutara. Aurreneko bikote sailkatua laugarrenaren kon­tra ariko da, eta bigarrena, hirugarrenaren kontra.
Bikote bakoitzak partidu bana irabaziz gero, partidu­e­tako tanteoa izango da kon­tuan, eta tanteoan ere berdinketa izanez gero, bigarren partiduko irabazlea pasako da finalera.

Abenduaren 19an finala eta aurrelari eta atzelari onenei trofeoak
Txapelketako final haundia abenduaren 19an jokatuko da, partidu bakarrera, fi­naler­dietako bi bikote ira­bazleen artean.
Horrez gain, ligaxkako eta finalerdietako partiduak kon­tuan hartuta, trofeoak banatuko zaizkie aurrelari eta atzelari onenei; egindako tantoei kale egindakoak kenduta egingo da balo­razioa, trofeo horiek bana­tzeko.

Bikote parekatuak
Antolatzaileen esanetan, aha­lik eta bikote pareka­tu­e­nak osatu dituzte Txapelketa jo­katzeko. Horrela, bikote guz­tietan dago noizbait txa­pel­keta irabazitako erremon­tis­taren bat: Ezkurra (1994, 1999, 2006 eta 2014); Ion (2011, 2013 eta 2014); Etxeberria III (2010); Barrenetxea IV (2012); Urriza (2001, 2008, 2010 eta 2012); eta Uterga (2013).
Jokalariek, ordea, garbi dute zein izango den garai­tzen bikote zailenetakoa: Urriza-Agirrezabala. Gaur ikusi ahal izango da, hasiera nolakoa egiten duten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!