Ertzaintzak jakinarazi duenez, ostegunean, arratsaldeko 16:20 aldera, ertzainek Astigarragako errepide batean geratua zegoen kotxe bateko bidaiariak identifikatu zituzten. Identifikatzerako momentuan konturatu ziren, bidaiarietako batek bala zauri bat zeukala sabelean. Hori horrela, Donostiako Ospitalera eraman zuten. Arratsaldeko azken ordurako alta eman zioten.
Argitu dutenez, zauria ezezagun batzuk egin zioten astearte goizaldean, beraien baserrira lapurretara azaldutakoan.
Ertzaintzak baserria miatu zuen eta kanabisa lantzeko prestatutako lau gela aurkitu zituen instalazio elektrikoarekin eta aireztapenarekin. Baita 13 kilo marihuana, bi arma luze, kargadoreak, munizioa, matrikulak moldatutako hainbat motozikleta... Aurkitutakoarekin, zauritua atxilotu zuten, 49 urteko gizonezkoa.
Ondoren, bigarren bidaiaria atxilotu zuten, 29 urteko beste gizonezko bat. Bi atxilotuak epailearen esku geratu ziren igandean.
Ertzaintzak ikerketarekin aurrera jarraitzen du baserria eraso zuten ezezagunak identifikatu eta atxilotzeko asmoz. Lapurrek ehun bat marihuana landare eta 7 kilo eraman zituzten.