Asteartean bildu zen Hernaniko Udaleko Plenoa, eta besteak beste, onartu zuten bere horretan mantentzea tasak eta taxien tarifak, 2016 urterako. Udalaren egoera finantzarioaren berri ere eman zuten, eta Tokiko Gobernu Batzarra eta Kontratazio Mahaia osatu zituzten.
Hasteko, 2015eko aurrekontuari egindako hiru ajusteren berri eman zuen Isa Sanchez zinegotziak; horietako bat, gastu publikoa txikitzea, beste partida batzuk haunditzeko. Modu berean, Luis Intxauspe alkateak nabarmendu zuen, Hernaniko Udalaren zorpetze maila oso txikia dela, %6,3koa, Kontuhartzaileen txostenaren arabera.
Zenbait gastu, 2016rako
Alkateak berak, azaldu zuen aurrekontuko gastuen zati bat exekutatuta dagoela jada, baina beste gastu batzuk 2016ra atzeratuko direla: Etxeberriko bigarren fasea, Elorrabiko zubia, Gay Murreko lanak, parke bat estaltzea...
Andoni Amonarraiz EAJren bozeramaileak galdetu zion, ea ziur egingo diren 2016an, eta baietz erantzun zion Intxauspek: «aurten ez egiteko, bakoitzak bere arrazoiak dauzka; ikastetxeetan, esaterako, udako oporraldian egin behar direla».
Alkateak jakinarazi zuen, baita ere, sarrera batzuk espero baino haundiagoak izango direla; Fondo Foraletik, esaterako, 463.000 euro gehiago jasoko dira. Gastu batzuk ere haunditu dira, «baina sarrerekin konpentsatuta geratzen dira».
2016ko ordenantza fiskalei dagokienez, erabaki zuten tasak bere horretan mantentzea, eta 2016an aztertzea jasotako proposamenak, egokitzapenak egiteko. Abstenitu egin ziren PSE-EE, bere proposamenak 2016an aztertuko direlako, eta EAJ; EH Bilduk eta Orain Hernanik bozkatu zuten alde.
Gobernu Batzarra, osatuta
Tokiko Gobernu Batzarra osatu zuten ondoren: Luis Intxauspe, Koro Etxeberria, Xabier Lertxundi eta Esti Aldeiturriaga EH Bildutik, eta Jaione Aristregi Orain Hernanitik. Ostiralero bilduko dira, 08:15etan, eta bere esku utzi ditu alkateak, besteak beste, 100.000 eurotik gorako gastuak onartzeko eskumenak.
Kontratazio Mahaia osatzea ere onartu zuten, PSE-EEren abstentzioarekin, eta beste hiru alderdien aldeko botoarekin. Mahaikideak izango dira, Luis Intxauspe lehendakari gisa, Xabier Lertxundi eta Felix Etxeberria (EAJ).
2015eko aurrekontuko zenbait gastu, 2016an egingo direla azaldu zuten: Etxeberriko bigarren fasea...
Taxien tarifak, bere horretan
Bere horretan mantenduko dira taxien tarifak ere, 2016 urtean, Plenoak aho batez onartuta. Koro Etxeberriak azaldu zuen, Buruntzaldeako bileran ere aho batez onartu zutela, eta eskualdeko herri guztietan mantenduko direla tarifak.
Alderdi politikoei ekarpenak, eztabaidagai
Galdera eta erreguen puntuan, Amonarraizek galdetu zuen, Gobernu Taldeak zergatik ez zuen Plenora eraman, Udalak beste alderdi politikoei egiten dien diru ekarpena igotzeko proposamena. Alkateak erantzun zion, beste hiru alderdiek abstenitzeko asmoa erakutsi zutela: «guk interes berezirik ez daukagu horretan, eta zuek abstenituko bazineten, ez dugu proposamenik egin». Modu berean, proposamenak egiteko gonbitea luzatu zien alderdiei, interesa baldin badaukate.
Ricardo Crespo (PSE-EE), bere aldetik, «harrituta» azaldu zen proposamena atzera botatzearekin, eta garaiz jakinaraztea eskatu zuen, jakiteko proposamena egin behar zutela. David Guiradok (Orain Hernani), azkenik, galdetu zuen ea zergatik ez zuten proposamena egin, «justua iruditzen bazitzaizuen». Koro Etxeberriak erantzun zien, EH Bilduk bakarrik jarri zuela proposamena mahai gainean, eta beste alderdiek ere badutela zeresana.
Bukatzeko, Orain Hernanik bere postura argitu nahi izan zuen, hondakin bilketa sistemaren inguruan: «atez atekoa duten udalerriek defenditu egin behar dute, nahiz eta horrek botoak galtzea ekarri».