Integrazioaren bidean, hitzaldi bat antolatu du Amher Sos Arrazakeriak gaur, arratsaldeko 19:00etan, Biterin. Hernaniar guztiei zuzendutako saioa da, bereziki etorkinei, eta helburua izango da Hernanin dauden kultura eta kirol aukeren berri eman eta zalantzak argitzea.
Horretarako, bertan izango dira bi arloetako Udal teknikariak: Manuel Ayerbe kiroletakoa, eta Agurtzane Aizpuru kulturakoa. «Hitzaldi bat ematea baino gehiago, gure asmoa da bilera bat egitea; guk Hernaniko kultur eta kirol eskaintza aurkeztuko diegu, eta haien zalantzak argitzen saiatuko gara», aurreratu du Aizpuruk.
«Aukera zabala eta anitza da»
Kultura teknikariak azaldu du, «aukera zabala eta anitza» dela Hernanikoa: «Udalak antolatzen dituen ekintza eta ematen dituen zerbitzuez gain, herriko eragileek antolatzen dituzte jarduerak daude. Guztion artean, kultur eskaintza osatua ematen dugu».
«Bide egokia dira, edozein kulturatan integratzeko»
Aizpururen ustez, kirol eta kultur aukerak «bide egokia dira, edozein kulturatan integratzeko, hizkuntzara gerturatzeko. Azken batean, bertako bihurtzeko».
Hain zuzen ere, antolatzaileek horregatik luzatu diete saiora azaltzeko deia, herritar guztiei: «helburua da, jendea aukera horietan parte hartzera animatzea, eta integrazioaren bidean jarraitzea».