A2 autobus linea berria martxan dago astelehenetik, 07:15etan Martindegitik abiatzen dena, Donostiara joateko. Horren aurrean, Udal taldeko ordezkari sozialista pozik agertu da, «astigartarrak Donostiara joateko erraztasunak jarri direlako».
Eta jakinarazi dute, Mikel Duran PSE-EEko bozeramaileak Marisol Garmendia Mugikortasuna eta Lurraldearen Antolamendu diputatuari eskerrak eman dizkiola komunikatu baten bidez, «azkartasunez zerbitzu berri bat martxan jartzeagatik, saturazio arazoari erantzuna emanez. Izan ere, ordu garai horretan aurreko autobusa erabiltzailez gainezka joaten zen. Hernaniko lehenengo geltokietan betetzen zen autobusa eta ondorioz, Astigarragako bizilagun asko lekurik gabe geratzen ziren. Eta horrek eragiten zuen lanera eta ikastetxeetara iristeko zailtasunak izatea».
Eta gaineratu du: «Autobus berri honekin Astigarraga eta Donostia arteko zerbitzua bikoiztea lortuko da eta herritarrei urtetan arazoak ematen zizkien zerbitzu bati konponbidea emango zaio».
Ekintza honek garraio publikoaren aldeko apustua agerian uzten duela nabarmendu du Duranek: «Eta garraio publiko hau gai da eskualdeak elkartzeko, herritarrei zerbitzua emateko eta ibilgailu pribatuen erabilera gutxitzeko, istripuak eta kutsadura saihestuz».