Astigarragako Udalak elkarbizitza sustatzeko eta Harrera Protokoloa martxan jartzeko lehenengo urratsa eman du: web aplikazio berri bat sortu du Udalaren web gunean. Publikoa eta irekia da eta Astigarragan erroldatutakoen inguruko datuak ikusi daitezke bertan. Ostegunean aurkeztu zuten.
Zorione Etxezarraga zinegotziak honakoa azaldu zuen: «Jatorri anitzeko herritarrak bizi dira Astigarragan. Hori horrela, Harrera Protokolo baten beharra zegoela ikusi zen aurreko legegintzaldian. Bildu gobernuan zegoela jarri zen martxan proiektua eta guk jarraitzea erabaki dugu, herrira bizitzera datorren jendeari harrera nola egin jakiteko». Aztikerrek egin du ikerketa, diagnostikoa.
Aztikerreko kideek azaldu zuten, gaur egun identitateari dagokionez, oso atomizatuak bizi garela (Perukoak, Perukoekin ibiltzen dira; Salamancakoak, Salamancakoekin...) eta hor hutsuneak sortzen direla: «Elkar harremanik ez dago eta elkar ezagutzeko lehenengo urratsa emateko balioko du tresna honek. Erakutsiko du argazki bat, astigartar guztiok nolakoak garen eta nongoak garen. Inportantea da estereotipoak deseraikitzeko».
Datu eguneratuak
Aplikazio berriak Jatorri Aniztasuna Zenbakitan izena du eta datu eguneratuak eskainiko ditu; 2015eko datuak, hain zuzen. 5.687 biztanle daude Astigarragan. Horietatik %83,2 Euskal Herrian jaiotakoak dira: %79,8 Gipuzkoan eta %21,8 Astigarragan. Desanexioa kontuan hartzekoa dela azpimarratu dute, 40 urtetik gorakoak Donostian erroldatuta baitaude. Horrez gain, esanguratsua, 70eko hamarkadan, espainiar estatutik etorri zirela herrira, industrializazioa zela eta. Azken bi hamarkadetan, berriz, beste herrialde batzuetatik. Eta adinari dagokionez, Astigarraga herri “gaztea” da Europa mailan.
Harrera Protokoloa, diseinatzen
Hemendik otsailera bitarte, Astigarragako Harrera Protokoloa Diseinatzeko Prozesua jarriko da martxan. Harrera, hiru dimentsiotan landuko da: Udal ordezkarietan, harrera instituzionalean; hezkuntza komunitatean; eta herritar antolatuetan, eragile sozialetan.
Hiru pauso emango dituzte: abendura bitarte diagnosia egingo dute eta proposamen zirriborroa; urtarrilera arte zirriborroa zabaltzeko bilerak; eta urtarrila-otsailean protokoloa martxan jarri eta baloratu.