Datorren astean bukatuko dira beheko auzuneko obrak

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 24a, 02:00

Gutxi falta da Ereñotzuko beheko auzuneko obrekin bukatzeko. Asteazkenean izan ziren obra ikuskatzaileak Ereñotzun, eta lanak datorren astean bukatuko direla azaldu zuten. Obra bi fasetan egin da; martxoan bukatu zen aurrenekoa, eta bukatzear dago, bigarrena. Hasiera batean, 385000. euroko aurrekontua be­harko zela aurreikusi zen, eta azkenean, lan guztiek 376.218 euroko kostua izango dute, Imanol Lizeaga auzo alkateak azaldutakoaren arabera.

Ur bilketa eta urbanizazio lanak
Obraren aurreneko fasean, 17, 18, 19 eta 20 zenbakietako etxe­etako urak bildu ziren. Aurretik zegoen putzu septikoa hustu eta garbitu ere egin zen, eta ponpatze estazioa ja­rri zen martxan (Kabi Txiki eta 19 etxebizitzaren artean), ur zikinak Uru­­meako kolektorera biltzeko.
Bigarren fasean, berriz, ponpatze estazioraino pasa da 21 zenbakiko etxeko ur zikinak biltzeko hodia, eta hegoaldeko sarrerako arranpla egokitu da, alde batean espaloia eta bestean eskailerak jarrita. Gainera, kanal bazterreko hesia berritu da eta farola berriak jarri dira. 
Era berean, urbanizazio la­nak egiteko ere aprobetxatu da lanen bi faseetan. Besteak beste ondorengo lanak egin dira: euri urak bildu, argiteria lur azpitik pasa, espaloiak egin, aparkalekuak markatu. Gainera, Irrintzi taberna ko­ka­tuta dagoen Airosa etxeko ur zikinak bildu dira, Ur Mia elkarteko sarrera aurreko bidea zabaldu da eta kanaleko itxiturarako hesi zati gehigarri bat jarri da.

«Ur zikinen bilketaren arazoa erabakita geratu da, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, bai auzotarrentzat, bai ingurugiroaren ikuspegitik»

Mailegu beharrik ez
Obra ordaintzeko Auzo Udalak 290.331 euro jarri ditu 2014 eta 2015eko aurrekontuetatik. Era berean, hainbat dirulaguntza jaso ditu: Gipuzkoako Foru Aldunditik, 29.071 euro aurreneko faserako, eta 17.795 euro bigarrenerako; eta Eusko Jaurlaritzatik, 39.021 euro aurreneko faserako, eta ebazpenaren zain daude bigarrenerako zenbatekoa jakiteko. Azkenena, gastua espero baino pixka bat txikiagoa izan da; 385.000 euroko aurrekontua egin zen, eta azkenean, 376.218 euro gastatu dira. Hori horrela, Lizeagak jakinarazi du ez dela mailegua erabiliko; Hernaniko Udalak egitekoa zuena.

Auzo Udala, pozik
Lanak bukatzear daudela, Imanol Lizeaga auzo alkateak azaldu du auzotarrei galdetu behar zaiela pozik geratu ote diren edota onurarik nabaritu ote duten. Baina Auzo Udala behintzat, pozik dagoela azpimarratu du. «Auzo Udalaren aldetik, pozik geratu gara eraikuntza enpresak lanak nola gauzatu dituen ikusita. Ur zikinen bilketaren arazoa erabakita geratu da, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zaigu, bai auzotarrentzat, bai ingurugiroaren ikuspegitik. Horrez gain, auzunea hobeto antolatuta geratuko da, argiteria publikoa hobetuta, aparkalekuak ondo markatuta eta itxura aldetik ere asko irabaziko du».

Epeleko saneamendu proiektua buruan
Oraingo lanak bukatuta, Epele geratuko da, auzoko urak Urumeako kolektorerako saneamendu sarera lotzeko.
Lizeagaren esanetan, «Añarbek duela urte batzuk proiektua egin zuen, baina lanak ez ziren egin. Beraiekin gaia berritu eta proiektua gauzatzeko aukerak aztertu nahi ditugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!