Gaur jarriko dute Biterin, arratsaldeko 19:00etan, Aitzol, euskal pizkundearen heriotza dokumentala. Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren Euskal Plataformak antolatu du, eta solasaldia ere izango da ondoren, Joantxo Agirre, Iñaki Egaña eta Aitzolen senideekin.
Emanaldiarekin, jarraipena eman nahi diote, urriaren 14an Donostiako epaitegiaren aurrean egindako agerraldiari; egun horretan egin ziren aurreneko deklarazioak, frankismoaren krimenen kontrako salaketak tarteko.
Herritar guztiei, gonbitea
Saioa irekia izango da, eta herritar guztiei luzatu diete gonbitea, «Joxe Ariztimuño Aitzol pertsonaia ospetsuari egindako dokumentala ikustera gerturatzeko». 1936ko urrian hil zuten matxinatu faszistek, beste 196 lagunekin batera, Hernaniko hilerrian.