«Saio berezia» egingo du bihar Dobera Euskara Elkarteak, Chertat eta lehoia ipuina aurkezteko. Arratsaldeko 19:00etan egingo dute, Biterin, eta hainbat zati izango ditu aurkezpenak. Aurrenekoa, ipuina bera kontatzea izango da, eta bi hizkuntzatan egingo dute, idatzita dagoen bezala; ipuinaren idazleak izango dira kontalari, bihar ere: Jexux Eizagirrek euskeraz, eta Cheij Amhedek hassanieraz.
Gero, ikusgai jarriko dituzte hainbat irudi: batetik, ipuineko ilustrazioen laminak, Abdi Ami Omarrek eginak: «Parisen dago bera, baina aurkezpenean egoten saiatuko da», azaldu zuen Eizagirrek, atzoko prentsaurrekoan. Eta bestetik, Saharako haurrenak, ipuinaren inguruan bilduta: «udan hemen egon ziren sahararrei, ipuin bana eman zitzaien, eta han lagunekin konpartitu dute. Ikustekoa da jartzen duten aurpegia, 6-7 haurrek ipuinaren bueltan jarrita», zioen Eizagirrek. «Oso erreakzio polita izan zuten denek, ipuina jasotzean. Oso pozik zeuden», gehitu zuen Amhedek.
Laguntzaileei eskerrak, banaka
Mapa bat ere erakutsiko dute aurkezpenean, Chertat pertsonaia nondik mugitzen den irudikatzeko: «ez da soilik ezaguna Saharan; baita Mauritanian eta Marokoko hegoaldean ere», azaldu zuen Amhedek. Ondoren, eskerrak emango dizkiete laguntzaile guztiei, banan-banan denak aipatuz.
Eta aurkezpena bukatzeko, galderen txandaren ondotik, tea mentarekin hartuko dute, galleta batzuez lagunduta: «Saharan, edozein momentutan hartzen dugu, eta elkartzeko eta solasean aritzeko aitzakia perfektua da».
Ipuina erosteko aukera
Behin aurkezpena eginda, ipuina salgai jarriko da, bihar aurkezpenean bertan, eta Doberaren bulegoan (Larramendi 11, behea): elkarteko bazkide direnentzat 12 euro, ez direnentzat 15 euro.