Joan den ikasturteko harrera ona eta gero, asteazkenetako Kafe tertuliak bueltan dira. Hernaniko Udal Euskaltegiak antolatu du bigarren edizio hau ere, eta asmoa da, euskera modu informal batean praktikatu nahi dutenek, beste aukera bat izatea: «Kafe tertuliatan hiru-lau pertsona esertzen dira, mahai baten bueltan, eta kafe bat eskatu eta goxo-goxo euskera praktikatzen dute».
Astean behin jarri dute hitzordua: asteazkenean, Gunea garagardotegian, 17:00etatik 18:30etara.
Irekia, euskera praktikatu nahi duten guztiei
Kafe tertulietan edonork har dezake parte: euskera ikasleek, ikasle izandakoek, euskeraz hitz egiteko aukera edo erraztasun haundirik ez dutenek, edo-eta besterik gabe, euskera praktikatuz, une atsegin bat pasa nahi dutenek. Udal Euskaltegitik gogoratu duten moduan, ez da izenik eman behar, eta ezta ere asteroko konpromisorik hartu behar: «besterik gabe, libre egonez gero, eta euskera praktikatuz une atsegin bat pasa nahi izanez gero, gerturatu Guneara. Bertan egongo dira zu bezala hainbat pertsona, eta laguntzeko prest dauden irakasleak».