Urrunegi, etxebizitza eskubidearen aldeko mugimendua martxan da. Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dute, lanean ari direla, eta horren erakusle dela, urriaren bigarren asteburuan Karabel auzoan egiten ari diren eraikuntzan jarri zuten pankarta: «gure gain hartzen dugu egin zen aldarrikapena: Etxe huts gehiago zertarako? Hernanin, 700 etxe hutsetik gora daudela badakigu eta gehiago egiten jarraitzen dute, eta horiek ere hutsik geratuko dira, inori axola gabe».
«Urrun dugu etxebizitza eskubidea egiazkoa izango den eguna»
Urrunegi taldeak dio, badatozela, urrun baitago etxebizitza eskubidea egiazko eskubide izango den eguna: «bide luzea dugu egiteko. Etxebizitza eskubidearen aldeko borroka abian da berriz Hernanin, Urrunegi lanean da».
«Etxebizitza arazoa ez da konponduko etxe berriak eraikitzen»
Urrunegiren esanetan, etxebizitzaren arazoa ez da konponduko etxe berriak eraikitzen: «etxe berriak egiteak ez dizkio gizarteari gurasoen etxetik ateratzeko baldintzak sortzen. Gainera, nahikoa etxe huts dago herrian arazoari aurre egiteko. Alokatzeko edo salgai dauden etxe hutsek ere, prezio garestiegia dute; gurekin negozioa egiteko erabiltzen dituzte. Etxebizitza gaur egun ez da ez eskubidea ezta aukera ere».
«Borrokatzera gatoz, etxebizitza eredu berri baten alde lan egitera»
Urrunegi taldeak dio, dena gainditu, eta egiazko eskubideen alde borrokatzera datozela: «alokairuaren prezioak, etxe hutsak, espekulazioa, negozioa, etxegabetzeak... hori dena gainditzera gatoz, eta etxebizitza eredu berri baten alde lan egitera. Pertsonen bizitzak, eta ez kapitala, kontuan hartuko dituen eredu berri baten alde egingo dugu lan. Aurrerantzean izango duzue gure berri».