Aurki Arte Tailerra, lokala bera, Hernanin dago, baina Oihana Insaustik toki askotan ematen ditu tailer edo ikastaroak; tartean, Goizuetan. 15 bat urte daramazki bertan, eskulan tailerrean: «batez ere, pintura dekoratiboa egiten dugu. Egurra, kristala, lientzoak... Marmitak ere pintatu izan ditugu!».
Aurrena, labaderoaren gainean, lehenengo pisuan biltzen ziren. Gero, Gaztetxearen ondoan. Aurrerago, medikuaren etxearen ondoan, eta orain, berriro Gaztetxearen ondoan. «Hainbeste urtetan, hara eta hona ibili gara! Batzuetan, lau talde ere izaten nituen, eta udaran umeei ere eman izan diet hilabeteko ikastaroa. Orain talde bakarra biltzen gara, 8 bat lagunekoa».
Oleoa, aurtengo berrikuntza
Aurten taldea osatzen duten gehienak urteak daramazkite tailerrean parte hartzen. «Batzuk dagoeneko etxe guztia dekoratua daukate, eta egin beharreko opari guztiak, eginak! Dagoeneko ez zekiten zer egin! Horregatik, ni egokitzen saiatzen naiz, eta aurten, oleoarekin hasteko aukera eman diet», azaldu du Insaustik.
Taldeko gehienak 40 urtetik gorakoak dira, «eta emakumeak! Gizonak ez dira animatzen, nonbait! Gazteak animatzea ere gustatuko litzaidake».
Hori bai, ikasturtean zehar sortutako lanak ikustera herri guztia animatzen da. «Ekainean, San Joanen aurretik, urtero erakusketa jartzen dugu eskola zaharrean, eta jende asko joaten da ikustera; asko gustatzen da. Aukera polita da Goizuetan horrelako zerbait edukitzea. Beraiek pozik daude, eta ni ere bai! Bidea bera, polita eta atsegina iruditzen zait, eta kariñoa hartu diot jendeari».
«Urtero erakusketa jartzen dugu eskola zaharrean eta jendea joaten da ikustera; asko gustatzen da»
«Gehienak zerotik hasi ziren, eta ikusten da bilakaera»
Aurki tailerrean, ikastaroak eta enkargatutako lanak
Baina Goizuetan ez ezik, Hernaniko Biteri kultur etxean, Villabonan, Urnietan edota Martuteneko kartzelan ere ematen ditu ikastaroak, Insaustik. Eta horrez gain, Hernaniko Elkano kaleko Aurki Arte Tailerrean, «nere etxean».
Insaustiren amak, Mari Cruz Muguruzak ireki zuen lokala orain 30 urte. «Jostailu didaktikoak, egurrezkoak... saltzen ziren, eta goian tailerra zegoen. Gero, pixkanaka dendak indarra galdu zuen, eta tailerra geratu zen. Orain ere, tailer bezala funtzionatzen dugu, eta enkarguz eskatutako lanak ere egiten ditugu: koadroak, altzariak margotu...».
Insasutik 20 urte betez geroztik ematen ditu margogintza dekoratibo eta eskulan ikastaroak. Hainbat teknika espezializatu ikasia da Bartzelonan, Madrilen eta Bilbon. Berarekin, batera, tailerrak ematen dituzte Aurkin, Pello Coellok (marrazkigintza eta margogintza artistikoa) eta Jon Zabaletak (ilustrazioa; eskuz zein digitala). Azken honek, gazte eta helduei zuzendutako ikastaroa emango du Gabonen ondoren, eta Insaustik animatzeko deia egin nahi izan du (izenematea: 619 800 885). «Batzuk berezkoa dutela nabaritzen da. Baina edonork ikasi edo hobetu dezake; ilusio, gogo eta pazientziarekin, denek hobetu dute. Umetan gurekin ikasi eta ondoren, jarraitu eta lanean ere erabiltzen dutenak badira!»