«Pentsatzen dugu kanpokoa hobea dela, baina herentzia ederra daukagu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 24a, 02:00

Aste honetan ere, ez da ekitaldirik faltako, Udazken Kultu­ra­laren barruan. Tar–tean, Jakoba Errekondo usurbildarrak hi­tzaldia emango du, Bizi Ba­ra­tzea liburua aurkezteko, ostegunean, 19:30e­tan. «Ani­ma­tze­ko» deia egin du Errekondok; «saio ederra izango da, eta galderak eta zalantzak argitzeko aukera izango da».

Baratzezaintza ekologikoaz ari zara liburuan?
Ez nioke deituko, ekologikoa. Bada, baina ez erabat. Ba­tzu­e­-t­an haruntzago ere joaten naiz. Ahal den naturalena egitea da kontua.

Modan dago baratzezaintza ekologikoa?
Oso modan! Lurrerako buelta bizitzen ari gara. Elika­du­ra­rekin, ingurumenarekin arduratuta gaude; zer utziko dugun etor­ki­zunerako. Hiribu­ruetan ere baratzak nahi ditugu.

Eta horretarako, betiko jakintzara jo duzu. Ahaztu egin zaigu, bagenekiena?
Ahaztu egin dugu, bai. Eta ez hori bakarrik. Askotan pen­tsatzen dugu kanpokoa hobea dela, baina herentzia eder bat badaukagu: bertako barietatea, hizkuntzak, gauzak nola egin... Horrek ez du esan nahi hori bakarrik denik ona, baina bai, kontuan hartzekoa, eta ez ahazteko modukoa.

«Lurrerako buelta bizitzen ari gara»

Ereñotzuko herentzia horren berri badaukazu?
Ez dakit ezer asko, oraindik. Ez daukat bertakoaren berririk. Baina pentsatzen dut aste honetan zehar zerbait jakingo dudala. Beti ikasten da zerbait!

Tokian tokikoa eta garaian garaikoa landatzea komeni dela eta, zertarako da orain, garaia?
Baratzean oraindik gauza asko egin leizke. Urte guztian dago lana. Baina orain, orokorrean, hasi gaitezke neguko gauzak jartzen:  baba, tipula, tipulina... Bestalde, gomendi­­oa egiten dut berdetan, freskoan jateko baratxuriak jar­tze­ko. 
Burua oso-osorik sartu. Sortan, begi bakoitzetik landare bat sortuko da, eta hemendik bi hilabetera jasotzeko moduan egongo da. Bestalde, marrubia aldatzeko garaia ere bada.

«Euskaldun bat ez da euskal kulturan kultoa, baratzaz ez badaki»

Horrelako azalpenak emango dituzu osteguneko hitzaldian?
Liburuak zer dakarren eta bes­te liburuetatik zerk bereizten duen azalduko dut. Euskal kultu­rak baratza eta lurrarekin lotura dauka; euskaldun bat ez da euskal kulturan kultoa, baratzaz ez badaki. Esaerak, bertsoak, olerkiak... bildu ditut. Hiz­kun­tza ikuspegitik ere, hi­tzak, teknikak... bildu ditut. Li­bu­rua Euskal Herrirako pen­tsatua dago: egutegia, uraren erabilera... Horre­lakoak, eta gehiago azalduko ditut, eta gal­derak eta zalantzak argitzeko tartea ere izango dugu. Saio ederra izango da! 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!