«Uholdeen kontrako babesak jartzeko, dirulaguntza programa proposatu dugu»

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 24a, 02:00

Uholdeen kalte eta enbarazuak gutxitzeko asmoz, bi proposamen aurkeztu ditu EH Bilduk, Astigarragako Udalean. Batetik, babes neurriak hartzeko dirulaguntza programa bat prestatu du; eta bestetik, gaia landuko duen batzorde berri bat sortzea eskatu du: Uhol­de­en Aurkako eta Ibaiaren Aldeko Batzordea, hain justu.
Dirulaguntza programaren proposamenak, «azken uholdeetan herritarrekin hartutako konpromisoari erantzuten dio», Andoni Gartziak azaldu duenez. Etxebizitza jabeei, elkarteei eta lokalei zuzendutako dirulaguntza da, eta 40.000 euroko partida bat bideratu zuen ho­rre­­tara aurreko Gobernu Tal­de­ak, legegintzaldia bukatu baino lehen.

Lanen kostuaren %75a, Udalak finantziatuta
Helburua da, etxe eta lokalen atarietan babesak jarri eta estolderietatik ur sarrera ekiditeko lanak egiten laguntzea. Horrela, Udalak lanen kostu guztiaren %75a finantziatuko luke, 2.500 euroko mugarekin.
«Diruz lagunduko dena da, etxe eta lokaletako sarrerak barrera desmuntagarriekin ba­bes­tea; horrela, urak gainezka egiten duenean, ateetatik ura sar ez dadin. Gainera, ura etxe eta lokaletan estolderietatik barrena sar ez dadin, klapeta edo tapoiak jar­tzeko lanak ere diruz laguntzeko aukera izango da», azaldu du EH Bilduk.

«Uholdeen aurkako neurriek ezin dute etenik izan»
Modu berean, kritikatu du Go­bernu Talde berriak «albo batera» utzi duela uholdeen afera: «honen erakusle, burutzen ari zen ur eta saneamendu sareen ikerketa gelditu dela, eta Uda­le­ko teknikariek eta oposizioak ez dugula inolako aurreikuspenik. Egoerarekin larrituta, uste dugu uholdeen aurkako neurriek ezin dutela etenik izan».
Horregatik, bigarren proposamen bat ere egin du: «uholdeak hizpide nagusi izango di­tu­en batzordearen osaketa es­ka­tu dugu. Bertan, alderdi politiko guztietako ordezkariek par­te har­tzea proposatu dugu eta herritar eta kaltetuek ateak za­ba­lik izango lituzkete, noski. Horiez gain, Udalean uholdeen gaiaz arduratzen diren sailetako teknikariek parte hartzeko elkar­gunea izatea nahi dugu, uholdeen aurkako neurriak mo­du eraginkorrenean eta koor­dina­tu­e­nean aurrera eramateko».

«EH Bilduren jarrera eraikitzailearen islada dira bi proposamenak»
Andoni Gartziak nabarmendu du, «EH Bilduren jarrera eraikitzailearen islada» direla bi proposamenak: «Gobernuko ardu­rak izan ez arren, Astiga­rra­ga hobea izateko ari gara lanean, Udal Gobernuari proposamenak bideratzen; euren lan eta arduretan lagundu eta bidea errazten, gure erantzukizunei muzin egin gabe».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!