Hernaniko alderdi sozialistak Bildu eta Podemosen jarrera kritikatu du Kronikara bidalitako prentsa oharrean: «Bilduk eta Podemosek ez dute PSE-EEk egindako proposamena babestu, Hernaniko hondakin sistemaren inguruko kontsultari buruzkoa». Ricardo Crespok, sozialisten bozeramaileak azaldu duenez, Hirigintza eta Ingurumen Batzordean, proposamenak ez zuen aurrera egin: «Bilduk kontra bozkatu zuen eta Podemos-Orain Hernanik kolaboratu egin zuen, abstentzioarekin. Alderdi Sozialistak eta EAJk alde bozkatu zuten. Proposamenean eskatzen zen hernaniarrei kontsulta bat egitea, galdetzeko, atez atekoarekin jarraitu nahi duten edo edukiontzien sistemara itzuli nahi duten».
«6.000 sinadura baino gehiago jaso ziren»
Cresporen esanetan, «2010ean 6.000 sinadura baino gehiago jaso ziren kontsultaren alde, ezker abertzaleak beti ukatu duena; lehen ANVk eta orain Bilduk».
Podemos-Orain Hernaniren jarrerarekin ere harrituta daudela azaldu du bozeramaileak: «abstenitu egin ziren, beti kontsultaren alde posizionatu badira ere».
Cresporen esanetan, alderdi sozialista beti konprometitu da publikoki: «atez atekoa berehala kentzera konprometitu gara beti, sistema hau kadukatua dagoelako, eta deserosoa eta garestia delako. Gainera, ez dio bizilagunen eskaerari erantzuten. Hala ere, uste dugu, 2010ean kontsulta eskatu eta gero, halako erabaki bat ezin daitekeela agintean dagoen gobernuaren esku egon».