Frankismoaren krimenen kontrako salaketak tarteko, deklarazioak izan ziren joan den astean Donostiako Epaitegian. Jurisdikzio internazionalaren bidetik, Argentinako Servini Epaileak eskaera ofiziala luzatu zuen, eta bi gipuzkoarrek deklaratu zuten: Pedro Estobarrek, 1971n 22 egunez torturatua izan zenak, eta Aitzol Azpirozek, bere osaba-aitabisaba Jose Ariztimuño ‘Aitzol’ apaiza zenaren izenean. ‘Aitzol’ matxinatu faszistek hil zuten, 1936ko urrian Hernaniko hilerrian, beste 196 lagunekin batera.
Dokumentala eta solasaldia, datorren astean
Datorren asteartean, hilak 27, Aitzol, euskal pizkundearen heriotza dokumentalaren proiekzioa eta solasaldia antolatu dute Biterin. Ekimena antolatu dute Frankismoaren krimenen aurkako kereilaren Euskal Plataformak, eta asmoa da jarraipena ematea Donostiako epaitegian izandako agerraldiari. 19:00etan izango da proiekzioa, eta ondoren solasaldia izango da; Joantxo Agirre eta Iñaki Egañak hartuko dute parte, eta Aitzolen senideak ere, bertan izango dira.