Urtero bezala, sentsibiliazio kanpaina jarri du martxan Atzegik, adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteak. Aurten, elkarteak eragin nahi du, pertsona horien bizitzaren inguruan gizartean dagoen ezjakintasunean: «adierazi nahi duguna da, gure bizitza ere besteek egiten dutenaren modukoa dela. Bakoitzak bere bizitza egiten duela, eta bat gehiago garela gizartean».
Aurreko asteazkenean egin zuten Buruntzaldea mailako aurkezpena, eta familia bakoitzak bere bizipenak kontatu zituen. Enriquek ere hartu zuen hitza, Down sindromea duen herritar batek: «gehiago ezagutzen da gure diskapazitatea, kapazitatea baino. Lanera joaten naiz autobusean, naturaltasun osoz. Aurrera begiratu behar dugu, eta hala, urrutira iritsiko gara».
Bizimodua konpartitzeko, argazkiak sare sozialetan
#HorrelakoaDaNireBizitza deitu diote kanpainari, eta gonbitea luzatu diete adimen urritasuna duten pertsona guztiei, beraien bizimodua nolakoa den erakusteko, sare sozialetan argazkia konpartitu eta traola hori erabiliz. Whatsappez ere bidali daitezke: 609 703 706.