Gaur zozketatuko ditu Astigarragako Udalak, Ergobia Ibilbideko Babes Ofizialeko Etxebizitzak. Udaletxeko Bilkura Aretoan egingo dute zozketa, arratsaldeko 20:00etan, eta bertan egingo dute hautatutakoen zerrenda, eta esleituko dituzte etxebizitza, garajea eta trastelekua.
Guztira, 18 etxebizitza eskaini zituen Udalak, eta bederatzi eskaera jaso ditu. Horietatik, hiru izan dira baztertuak, eta sei lagunek egin dute aurrera; seiek jasoko dute etxebizitza horietakoren bat.
Bi taldetako etxebizitzak esleituko dira
Sei taldetan banatu zituen etxebizitzak Udalak, eskatzaileen adinaren edo familia ezaugarrien arabera. Horrela, bi taldetako etxebizitzak izango dira esleituko direnak: hiru gelako hiru etxe, hiru kide biltzen dituzten eskaeretarako (bi eskatzaile daude); eta hiru gelako hiru etxe eta bi gelako bat, 18 eta 35 urte bitarteko gazteentzat (lau eskatzaile).
Hutsik geratu dira, bere aldetik, 70 urtetik gorakoei bideratutakoak, lau kideko eskaeretarakoak, bi kideko eskaerei eskainitakoak, eta talde guzti horietatik kanpo aurkeztutako eskaereei esleitu beharrekoak.
Sei eskatzailek bete dituzte baldintzak, eta etxebizitza bana jasoko dute. Bakoitzari zein dagokion erabakiko da zozketan.
Etxebizitza bakoitzak, bere garajea eta trastelekua
Eskainitako etxebizitza guztiek, garaje eta trasteleku bana izango dute, eta bakoitzak esleituta dauka zein dagokion. Udalaren web orrian daude ikusgai: www.astigarraga.eus.