Luis Manuel Logroño gogoan izan zuten, denboraldiko aurkezpenean

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 20a, 02:00

Denboraldi berria martxan da, eta Hernaniko Atletismo Elkarteak larunbatean egin zuen aurkezpen ofiziala. Azken urteetan ostegunez egin badute ere, oraingo honetan larunbatean egitea erabaki dute, Luis Manuel Logroño Zubillaga omentzeko asmoz. Aurten hil da Logroño, eta atleta bikainaren omenez festa giroan ospatu nahi zuten  aurkezpen eguna.

Probak eta argazkia, hasteko
Denboraldiaren aurkezpena atletismo proba ezberdinak eginez hasi zuten: lasterketak, luzera jauziak, mailu jaurtiketa, hesiak... Probak bukatuta, atletismo taldeko argazki ofiziala atera zuten, kide guztiak elkarrekin zirela.

Aurkezpen ekitaldia eta omenaldia, segidan
Ekitaldi nagusian ez zen emoziorik faltatu. Aurkezpena egin, eta omenaldia egin zioten Luis Manuel Logroñori. Bere senideek, emazteak eta seme-alabek jaso zuten lore sorta eta oroigarria. Bertan gogoratu zuten, Luis Manuel Logroño ibilbide oparoko atleta izan zela, plusmarkista. Hernaniko lau errekorrak oraindik bereak direla ere, gogoratu zuten: 200 m (23,10), 100m (15,36), luzeran (7,04) eta 4x100m (44,80). Aurkezpen ekitaldiaren bukaera aipatu zuten, baita ere, 18 urte beteko direla aurten atletismo pista egin zutela. Urteroko hitzorduak ere, izango direla gogorarazi zuten: Sagar Lasterra, Axeri Bila... Eta nola ez, 2014-2015 denboraldiko rankinaren berri ere, eman zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!