Arerio zaila zeukan atzo Hernanik, eta etxetik kanpo. Santanderreko Bathco taldearen aurka neurtu zen eta lan ona egin arren, 31(b)-12 galdu zuen. Defentsa ona egin zuten trikoloreek, partiduan sartuta aritu ziren, eta aurkariei asko kostatu zitzaien laugarren entsaioa egin eta bonusa lortzea. Azken minutuan egin zuten azken entsaioa eta ordura arte, Hernanik bonus defentsiboa lortzeko aukera izan zuen, azken minutura arte, 24-12 zijoazela.
Partidu osoan izan ziren aurretik kantabriarrak eta seigarren minuturako 10-0 nagusi ziren. 15garren minuturako, beste entsaio eta transformazio bati esker, 17-0 aurreratu ziren. Hernanik ez zuen etsi eta atsedenaldirako, 17-7 jarri ziren markagailuan, zigor kolpe bat tarteko. Pello Perezek transformatu zuen. Bigarren zatia hasi eta minutu batera, Iñaki Otxotorenak lehenengo entsaioa egin zuen: 17-12. Berehala iritsi zen aurkarien erantzuna; entsaioa eta transformazioa: 24-12. Eta partidua bukatzeko minutu baten faltan, aurkarien laugarren entsaioa eta transformazioa: 31(b)-12.
Datorren igandean ere, etxetik kanpo ariko da Hernani. Valladolideko El Salvador talde gogorra izango du aurrez aurre. Bigarren daude.