Erakunde publiko eta pribatuek gizon eta emakumeen berdintasuna lortzeko, Berdintasunaren Gunea antolatzen du urtero Emakundek. Horrekin lotuta, autobus ibiltaria jartzen du martxan, eta asteartean Astigarragan izan zen.
Aurrena, Herri Eskolako 5 eta 6garren mailako ikasleak izan ziren bertan, eta ondoren, Arantzazuko Amako DBHko ikasleak.
Arratsaldean, berriz, «herriko entitateentzako topaleku» bihurtu zen autobusa; Harituz elkarteak antolatuta, Madejas contra la violencia dokumentala jarri eta tailerra egin zuten.
Ikasleak, desberdintasunen jabe egiten
Autobusa bisitatu zuten ikasleek, iragarki eta jostailuetan egiten den sexuaren araberako bereizketa aztertu zuten. Bertako dinamizatzaileen ustetan, «konturatzen dira. Gero, zein hausnarketa egiten duten, beste gauza bat da; gaztetxoak dira. Baina konturatzen dira nesken jostailuak aspergarriagoak, lasaiagoak direla, eta askotan, zaintzarekin lotutakoak; eta mutilenak, berriz, aktiboagoak. Era berean, neskek barneratua daukate mutilen jostailuekin jolastu dezaketela. Mutilek, ordea... Hor sortu dira barreak eta iskanbila. Jolasteko aukera badaukatela ez dute baztertzen. Baina, gero, ez dute ikusten beren burua nesken jostailuekin, panpina batekin».
Autobusak, aurrera
Astigarragan asteartean egon zen autobusa, eta orain, aurrera jarraituko du bere bidean, Ordizia, Araia, Bilbo eta beste hainbat txokotara iristeko.