Astigarragako Zipotza Kultur Elkarteak bete ditu 30 urte

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 17a, 02:00

EGILEA: OLATZ MITXELENA GARMENDIA

1985 urtean zabaldu zituen ateak Zipotza Kultur Elkarteak. Jose Maria Irazustaren zapatak konpontzeko lokalean lanak egiten hasi, eta bertan jarri zuten beraien txokoa. Baz­ki­deek garai hartako 100 pezeta jarrita, aurrera atera zuten lokala, ordura arte Asti­garragako labaderoan biltzen baitziren. Hiru arlotan funtzionatzen zuela azpimarratzen du Antton Arkak, sortzaileetako batek eta Astigarragako de­sanexioaren ondorengo lehenengo Alkate izango zenak: «herriko txokoa zen, topagunea, baina baita kultur ekin­tzak eta jarduera politikoa antolatzeko eta hitz egiteko txokoa ere».
Zipotzan egiten ziren asanbladek bi gai hartzen zituzten aintzat; batetik, elkartearen beraren funtzionamendua, eta bestetik, antolaketa politikoarena. Izan ere, 1985-1987 bitartean, Astigarraga Donostiako auzo zen bitartean, auzo errepresentazioa zuten HBren eskutik.

Ekintza kulturalak, zerrenda luze bezain oparoa
Mendi irteerak, mountain bike lehiaketak, mus txapelketak, egin txotx ekimena, toka, gastronomia ikastaroak, mendi irteerak, katak, Santa Ana eguna, Sagardogintzaren bideoa, bertso afariak, futbola, erakusketa mikologikoak, euskara eta mintza praktika, irrintzi irratia... eta beste hainbat eta hainbat ekintza izan dira 30 urteotako historia biltzen dutenak. Herrian oso ezaguna den jendea ibili da beti Zipotzaren jira bueltan, zerrenda luzea, hori ere.
 

35/02 Sumarioaren irekiera: herriko taberna eta elkarteen auzia

Zipotza epaitua dago herriko tabernen auzian eta bigarren errekurtsoa aurkeztu dute.

2002-2003. urtean jarri zen martxan 35/02 Sumarioa. Bertan, sarekada batzuen ondorioz, Euskal Herriko ehundik gora elkarte eta herriko taberna enbargatu zituen estatuak, eta, baita kontu korronte zenbakiak blokeatu ere. Sumarioa mar­txan jarri zenetik Zipotza Kultur Elkarteak administra­tzaile judizial bat izan du (eta oraindik ere badu), kontu ekonomiko guztiak kontrolpean eramanez. Horretaz gain, inbentario bat egitera ere etorri zen Zipotzan bertan zer zegoen idatzita izateko.

Bazkideek eta juntako kideek azpimarratzen dute orain artean itxieraren itzalpean ari direla lanean.

Epaiketa, inflexio puntua
2013. urteko udazkenean epaiketa hasi zen. Hilabete batzuk iraun zituen epaiketak. Hasi eta denbora batera audientzia nazionaleko epaia atera zen. Eta bertan ondokoa zetorren: epaiketan inputatu gisara deklaratu zutenei espetxe zigorra ezarri zitzaien, 107 herriko taberna eta elkarte komisatu zituzten (Zipotza tartean). Epaiaren puntu azpimarragarria zera zen, Zipotza Kultur Elkarteak ez duela elkarte izaera galtzen, baizik eta lokala dela galtzen duena.

Bi errekurtso sartuta, azken erantzunaren zain
Epaiari errekurtsoa jarri zi­tzaion Espainiako Auzitegi Gorenean, eta honen erantzuna aurtengo, 2015eko, ekaina bukaera aldera egin zen publiko. Erantzun honetan Espainiako Auzitegi Naziona­laren epaia berretsi zen, baina espetxe zigorren urte kopurua jaitsi egin zuten. Urriaren 5a bitarte izan dute errekurtsoa sartzeko aukera Zipotza Kultur Elkarteak eta beste herriko taberna zein elkarteek. Sartu dute, eta momentu honetan zain daude, errekur­tsoa onartuko duten ala ez ikusteko, eta horren arabera hurrengo pausuei bide egiteko. Elkarteko bazkideek eta juntako kideek azpimarratzen dute orain artean itxieraren itzalpean ari direla lanean eta arrisku hori hor daukatela eman dituztela pausuak. Epaia atera zenez, edozein momentutan itxi dezakete lokala.
Itxieraren aurrean, bai Zipotza elkarteak eta baita Astiarra Libre dinamikak plangintza bat prestatu dute, erantzunaren zain dauden bitartean zein izan daitezken aterabideak azaltze aldera.


EGITARAUA

Hamaika ekintza 30garren urtemuga ospatzeko

Urtemuga berezia da hau antolatzaileentzat, azken auzi politikoak elkartea ixteko agindu baitu. Hori dela eta, gogoz daude hilabete honetan Zipotzari berriro ere kultur izaera hori itzultzeko. Horretarako, txikienetatik hasi eta helduenentzako antolatu dituzte hamaika entretenimendu. Horiek denak Zipotzan eta inguruetan, betiere bertako ateak ireki nahian, orain artean bazkide eta sortzaile guztiek azpimarratu duten moduan.

Astigarragan aste kulturala izango den honetan, Zipo­tza­ren baitan era guztietako ekin­tzak konbinatu nahi izan dira, gustu guztien gozamenerako. Honatx horietako ba­tzuk.
Astelehenetik ostegunera girotze astea antolatu nahi izan dute, pixkanaka-pixkanaka, egunez egun, asteburuko ekintza asko eta askori atea irekitzeko:

Urriak 19, astelehena
19:00etan, Herri apainketa. Herria apaintzeari ekingo diote Zipotza elkartetik abiatuta. Bertan elkartzen diren lagunak talde txikiagotan abiatuko dira herrian zehar aste kulturalaren barruan Zipotza Kultur Elkarteak antolatu dituen ekimenak eta beste hainbat eta hainbat esaldi eta apain-elementu jartzera.

Txartelak salgai daude ostiraleko afarirako eta larunbateko bazkarirako.

Urriak 20, asteartea
19:30ean, Sagardo kata. Zipo­tzak hasieratik izan du lotura sagardo dastaketa, sagar eta sagardo kata eta, funtsean, sagardogintzarekin zerikusia duten ohiturak antolatzearekin. Hori dela eta, aspaldiko partez, Sagardo Kata antolatu dute, Zapian sagardotegiko Egoitz Zapiainek gidatuta.

Urriak 21, asteazkena
19:30ean, Hastapen ardo kata. Ardoarekin lehen esperimentua egiten ere ausartu dira bertako kideak. Ardoan aditua izatea Astigarragan ez omen da hain tradizio zabaldua eta, beraz, hastapen ardo kata egingo dute Mari Mena eta Patxi Mujikaren eskutik.

Urriak 22 osteguna
19:30ean, Sukaldaritza ikastaroa. Sukaldaritza ikastaroa an­tolatu dute Donostiako Luis Irizar sukaldaritza eskolako Fede Goikoetxearen eskutik. Ezin jakin oraindik zein errezeta diren bertan ikasi ahal izango direnak eta, beraz, antolatzaileek gerturatzera animatzen dute sukalde mundua gustuko duen edonor!

Larunbateko mus txapelketan parte hartzeko izena eman behar da; bikoteka, 20 euro.

Urriak 23, ostirala
Asteburuko ekintzei sarrera emateko Porrotxekin urtebe­te­tze festa egin nahi izan dute gerturatzen diren guztientzat, txiki eta handiek elkarrekin gozatzeko. 18:00etan izango da Zipotza Kultur Elkartearen kanpoaldean.
Ondoren, festarekin jarrai­tzeko, 20:00ak aldera, kaldereroen konpartsa aterako da leku beretik. Orain artean kaldereroen konpartsa inauterien on­doren atera bada ere, aurten hilabete batzuk lehenago abiatuko da behingoz Astigarragan inauteri alaiaren iragarle izanik.
Eguna borobiltzeko, 21:30e­an elkartean afaria (prezioa 12€) eta ondoren, kaldereroen egunean egiten den legez, poteoa izango da txarangaren doinuen ondoan.

Urriak 24, larunbata
Larunbatean ere, egun osoko egitaraua prestatu dute. Has­teko, 09:00etan perretxiko biltzea egingo da. Hau ere Zipotza Kultur Elkartean behin baino gehiagotan mar­txan jarritako ekintza. Orain­goan, helburu dute bazkide helduenek eta perretxiko zale amorratuenek lagunduta eta erakutsita, gazteenek ere perretxikotan ikastea.
Arratsaldeko, 17:00etan mus txapelketa. Izena Zipo­tzan jarrita dagoen zerrendan eman behar da eta 20€ dira bikoteko. Ordu berean, 17:00etan, haur jolasak antolatu dituzte herriko gazte ba­tzuek, eta ondoren, 18:00ak inguruan, txokolatada.
Jarraitzeko, 19:00etan herriko kultur taldeen eta eragileen arteko tortilla patata lehiaketa antolatu dute. Aurrerago jakinaraziko dute izena non eman eta talde bakoitzak zer eraman behar duen.
Iluntzeko 20:30etatik aurrera gosetu diren guztien­tzat bokatak emango dituzte Zipotzan bertan, han jan edota eramateko.
Afal ostean, berriz, 23:00e­tan, Unai Alberdiren zuzendaritzapean azken asteotan herritarrekin landutako do­ku­mentalaren lehen proiekzioa egingo da: Oroimena, oraina, geroa. Zipotza 30 urtez jarri diote izena, bertan elkarrizketatutakoen iritzi eta bizipenak gordetzen dituen titulua omen. Azken urteotako errepasoa egiten duten dokumentala, herritar askok ezagutu dituzten eta ahaztuta zituzten kontutxoak, eta beste askorentzat berriak direnak. Dena informazio iturri. Bertan ikusi ahal izango dira Zipotzaren historiako per­tsonaiarik garrantzitsuenak.
Eguna bukatzeko, 23:45ean Apalatxe taldearen kontzertua Zipotza kanpoan, eta segidan, Gazte Party Zipotza taberna barruan, DJ Mapatxerekin.

Urriak 25, igandea
Goiza abiatzeko, 11:30ean mikologi erakusketa jarriko da Zipotza kanpoan. Ondoren, urte batzuetako ardura gogoan hartuz, Zipotzak antolatutako pintxo eta sagardo dastatzea 12:00etan, eta, urtemuga borobiltzeko bazkari herrikoia 14:30ean (Txartelak Zi­potzan salgai: helduek 15€ eta haurrek 8€). Ondoren, kantaldia izango da Andoni Ollokiegi abeslariarekin, ekitaldi guztiei amaiera emateko.

 

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!