Bete-betean sartu dira Ereñotzun, Udazken Kulturalean. Asteburuan bertan, hamaika plan dituzte aukeran, eta datorren astean ere ez da atsedenerako tarterik izango.
Hasteko, gaurko eguna Lizarra aldean pasako dute adinekoek. Iratxeko bodega eta trufa museoa bisitatuko dituzte aurrena, eta Lizarran bazkalduko dute gero.
Patinetan buelta, atzeratua
Ereñotzun geratzen zirenentzako plana ere prestatuta zegoen; arratsalde pasa, patinetan. Baina gauza gehiegi direla eta, beste baterako utzi da.
Azoka eguna, bihar
Bestalde, biharkoa festa eguna izango da, auzoko festa egingo baita. Hasteko, goizeko 11:30etan Txan Magoaren Mundu Magikoa ikuskizuna izango da Auzo
Etxean, umeentzako.
Gero, arratsaldean jarraituko du festak, 17:00etatik aurrera. Batetik, frontoian sagardoak dastatu eta gaztain erreak jateko aukera izango da. Bestetik, hainbat produkturekin osatutako azoka ere jarriko da. Azkenik, patata tortilla lehiaketa egingo da, parte hartzera animatzen direnen artean.
Hitzaldia, irudi emanaldia eta zinea, astean zehar
Udazken Kulturalak aurrera jarraituko du abendura arte, eta aste honetan zehar ere ekintza ugari antolatu dira.
Asteartean, hilak 20, hitzaldia emango du Iñaki Olaizola antropologoak, arratsaldeko 19:30etan hasita: Zer da ongi hiltzea? Zer dio legeak?
Asteazkenean, berriz, 19:30etan, baita ere, irudi emanaldia izango da, Aritz Arrondoren eskutik; Nepal eta Indian zehar egindako bidaian ateratako argazkiak erakutsi eta azalpenak emango ditu.
Astea bukatzeko, Lasa eta Zapala pelikula ikusteko aukera izango da, ostiralean 22:00etan.
Izena emateko aukera, egunpasarako eta dastaketan
Egitarauak askoz ere gehiago emango du oraindik. Tartean, sagardo dastaketa egingo da, Guillermo Castaños enologoarekin, azaroaren 3 eta 5ean. Izena Auzo Udalean eman behar da. Bestalde, azaroaren 7an Leitzako Peru Harri museoa bisitatuko ahal izango da. Txartelak Auzo Udalean daude salgai.
Zepadiko putzura irteera
Aranzadiko kideek gidatuta, Zepadi eta ingurua ezagutuz
Pasa den larunbatean Zepadiko putzua eta inguruak ezagutzeko aukera izan zuten auzotarrek, Aranzadi Zientzia Elkarteko kideek lagunduta. Epeleko aterpetik abiatu ziren, Zepadiko putzurantz, eta bidean zijoazela, hainbat landare eta espezieren berri jakiteko aukera izan zuten. Bai umeek, eta baita helduagoek ere, informazioa jaso eta txukun-txukun apuntatu zuten dena fitxetan. Urumea ibaiaren inguruko biodibertsitatea zein aberastsa eta haundia den gertutik ikusi zuten, beste behin ere.