Gipuzkoako Errendimendu Txapelketa gaur hasiko da eta asteburu honetan jokatuko dira lehenengo partiduak. Bertan, CD Hernaniko 18 pelotarik hartuko dute parte. Pelotari gehien aurkeztuko duen taldeetako bat izango da Hernanikoa. Hasteko, eskuko modalitatea jokatuko da.
Rufino Rekalde arduradunak azaldu duenez, «helburu nagusia, pelotariek lehiatzen ikastea izango da, batzuk lehendabiziko aldiz jantziko baitira zuriz». Bigarrena, berriz, azken faserako ahalik eta pelotari gehien sailkatzea izango dela gaineratu du, eta hirugarren helburua: «txapelen bat borrokatzea, nahiz eta lorpen hau infantiletan jokatuko duen pelotariren baten esku bakarrik ikusi».
Alebinetan zazpi taldek jokatuko dute, infantiletan lehenengo urtean seik eta infantiletan bigarren urtean lauk.
Lau partidu, gaur
Gaur, lau partidu jokatuko dituzte Hernaniko pelotariek: alebinetan, Oiarpe/Mattin Arluziaga (19:15, Oiartzun) eta Tolosa/Orkatz Artola (19:30, Tolosa); infantiletan lehenengo urtean, Mundarro/Xabier Apaolaza (19:00, Astigarraga) eta Oiarpe/Anartz Oiartzabal (19:15, Oiartzun).
Urkizu eta Lizeagak irabazi beharra
Gipuzkoako Txapelketa ere aurrera doa eta beste lau partidu jokatuko dituzte gaur, Hernaniko pelotariek. Horien artean nabarmentzekoa da Urkizu eta Lizeaga lehenengo mailako seniorrek irabazi beharra diotela Zestoako bikoteari, finalerdiak jokatzeko eta mailaz igotzeko aukera izan dezaten. Zestoan ariko dira 19:00etatik aurrera.
Beste hiru partiduak Hernanin jokatuko dira 21:00etatik aurrera: jubenil lehenengo mailan, Lazkano-Urruzola/Intxurre; senior hirugarren mailan, Oiaga-Cisneros/Tartaloetxe; eta seniorretan banaka, Ander Lopez/Soraluze.