Bere babesa eta elkartasuna erakutsi nahi izan zion Hernaniko Udalak ere, Hassanna Aalia Hernanin bizi den errefuxiatu sahararrari. Adierazpen instituzionala adostu zuten Udala osatzen duten alderdi guztiek. Honela dio testuak:
«1-Hassanna Aalia, Hernaniko herritarra eta giza eskubideen aldeko saharar ekintzailea urriaren 6an Burgosen atxilotu izana eta ondoren espainiar estatutik irteteko agindua eman izana salatzen dugu.
2-Ministerioak asilo politikoaren eskaera ezestea salatzen dugu.
3-Hassanna Aaliak asilo politikorako duen eskubidea aitortu dezala eskatzen diogu Espainiako Barne Ministerioari, nazioarteko babes-eskaera 12/2009 Legeak ezarritakoarekin bat. Izan ere, bere herrialdera itzuliz gero Marokoko agintari okupatzaileek gogor zigortuko dute eta ezin izango da presondegitik irten bizitza osoan, politikoki aktiboa eta nazioartean ezaguna izateagatik, saharar herriaren autodeterminazio-eskubidearen alde modu baketsuan borrokatzeagatik.
4-Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharan egiten duen giza eskubideen urraketagatik kezka adierazten dugu eta errepresio-egoera horren amaiera eta preso politiko saharar guztiak askatzea eskatzen dugu.
5-Saharar herriarekin konpromisoa adierazten dugu,eta gure babesa eskaini ekimen politiko eta sozialen alde, konponbide justua eta behin betikoa lortzera bideratuta, saharar herriak bere autodeterminaziorako daukan eskubide legitimoaren alde, erreferendum libre eta erregular baten bidez, bukatzeke dagoen deskolonizazio-prozesuaren azkeneko urrats gisa».