Gogoz ekin diote denboraldiari Hernaniko talde guztiek. Atzo, filosofia, batasun eta kemen hori erakutsi zuten, futbol talde guztiek elkarrekin atera zuten argazkian. Herritarrei futbol jokalariak aurkezteaz gain, beste hainbat helburu ere bazituen atzoko ekitaldiak: «bost ezaugarri azaleratu eta indartu nahi izan ditugu: kirola, kiroltasuna, berdintasuna, errespetua eta konpromisoa». Guztiek ondo zehaztuta zuten lekua argazkirako, eta talde bakoitzeko kapitaina bere taldearen aurren kokatu zen, erretraturako. Argazkiaren aurretik, Martxelo Ezponda presidenteak hartu zuen hitza; taldea aurkeztu eta klubaren konpromisoez aritu zen, presidentea.
Bi talde nagusiak etxean, gaur
Hernaniko bi talde nagusiek ez dute nahi bezain ondo hasi denboraldia. Joera horri buelta ematen hasteko behar beharrezkoa dute beraz, gaurko garaipena. Erregional Ohorezko mailan, Martuteneren kontra jokatuko du Hernanik, 16:00etan hasita. Emakumezkoen Ligako taldeak ere gaur jokatuko du, 18:00etan, Erandio talde bizkaitarraren kontra.