«Itun honek giza eskubideetan eta demokrazian atzerapausoa eragingo du»

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 13a, 02:00

Zeri buruz ari gara, TTIPaz hitz egiten dugunean?
TTIPa Merkataritza eta inbertsio askearen ituna da eta ezkutuan ari dira negoziatzen Estatu Batuak eta Europar Batasuna, herritarrek ezer jakin gabe eta enpresa tansnazionalen partehartze pribilegiatuarekin.
TTIPari buruz daukagun informazio ofizial bakarra promesa batean oinarritzen da, eta promesa hori da, merkataritza eta lanpostu kopurua haundituko dela. Baina TTIPa benetan da, enpresa transnazionalen saiakera merkatuak zabaldu eta arautu gabe uzteko, Atlantikoaren bi aldeetan. Itun hau ezartzeak eragingo du instituzio demokratikoek garrantzirik ez izatea, herrita­rren soberania mugatuko du eta eragin negatiboa izango du gure eskubideetan.

Zehazki, ze azalpen emango dituzu gaurko hitzaldian?
TTIPa nola prestatzen ari diren azalduko dugu, ezkutuan dauz­kan helburuak, negozia­zio­en egungo egoera, enpresa trans­nazionalen ezarpena bere diseinuan, etabar. Horrez gain, azalduko dugu negozia­zioen testuingurua, ulertaraz­teko nola kokatzen den TTIPa, krisi ekonomikoarekin eta beste itun batzuen negozia­zioekin; hala nola: TPP, TISA edo CETA. Itun hau firmatzeak herrita­rrengan eta ingurume­nean izango duen eraginaz ere hitz egingo dugu. Eta honi aurre egiteko nola antolatu behar dugun eztabaidatuko dugu.

Zertan eragingo digu TTIPak?
Oraindik ez dakigu TTIPak eragingo dituen ondorio guz­tiak zeintzuk izango diren, momentuz, ze negoziatzen ari diren filtrazioen bidez baka­rrik baitakigu. Dena dela, beste itun batzuk eragin dute­na ikusiz eta negoziazioetan sartzen ari diren alderdi desberdinak kontuan hartuz, aurreratu dezakegu giza esku­bideetan atzerapausoa eragin­go duela. Zehatzago esanda, lanpostuak suntsituko dira, lan eskubideak mugatuko dira eta prekarietatea haundituko da, langabezia eta bazterketa, emakumeek jasaten dituzten desberdintasun egoerak area­go­tuz.
Beste alde batetik, autono­mo­ak eta Enpresa Txiki eta Ertainak ere kaltetuak izango dira, babesik gabe egongo baitira enpresa transnaziona­lei ematen zaizkien pribile­gioen aurrean.
Horrez gain, transnaziona­len jarduera espekulatzaileak indartuko dira abeltzain eta nekazarien aurrean. Zerbitzu publikoen pribatizazioa ere indartuko du, osasungintza eta hezkuntza, esate baterako. Osasun publikoan eta inguru­menean ikusiko dugu baita ere nola erregulazioek atzera egiten duten, transgenikoak onartuz edo frackinga bezala­ko jarduera kutsakorrak.
Eta azkenik, demokraziari dagokionez, ikusiko dugu gober­nuak eta parlamentuak gero eta mugatuagoak geratu­ko direla enpresa haundien jarduna erregulatzeko garai­an, izan ere, auzitegi pribatu­ak izango dituzte beraien eskubide berriak erregulatzen saiatzen diren gobernuak epaitzeko.

Zergatik da garrantzitsua herritarrak jardunaldi hauetara gerturatzea eta gaiari buruz informatzea?
Esan dugun bezala, negozia­zio­ak ezkutuan egiten ari dira, negoziatzaileek badakitelako TTIPa iritzi publikora iristen bada, atzera egin beharko dutela, inork ez duelako onar­tuko modu larrian kalte egiten digun itun bat. Horregatik garrantzitsua da azaleratzea eta jokoan dagoen guztiaz jendea kontzientziatzea.

Mahai inguruak eta erakusketa

Bihar eta ostegunean, mahi inguru bana izango dira. Biak Biteri kultur etxean izango dira, arratsaldeko 19:00etan hasita.
Biharko mahai ingurua: TTIPa ikuspuntu desberdinetatik. Naroa Iturri ariko da moderatzaile lanetan eta hizlariak, honakoak: Clara Murguialday (ikuspegi feminista), Laura Gonzalez (lan eskubideak), Isabel Bermejo (ekologismoa) eta Mikel Zurbano (pribatizazioak).
Osteguneko mahai ingurua: Euskal Herrian nola egingo diogu aurre TTIPari? Alternatibak. Sabino Ormazabal izango da moderatzailea. Eta hizlariak: Jose Ramon Mariño (EH TTIPari ez eta ATTAC), Lorea Undagoitia (Mugarik gabe) eta Gorka Martija (OMAL).

‘Begirada kontzienteak’ erakusketa
Mahai inguruez gain, gaiarekin lotuta, erakusketa bat ere jarri dute Biterin: Begirada kontzienteak. Ostegunera arte egongo da ikusgai. Calcuta Ondoan Gobernuz Kanpoko Erakundearen erakusketa da.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!