Hassanna Aalia, giza eskubideen aldeko ekintzaile saharar gaztea atxilotu egin zuen Polizia Nazionalak asteartean, Burgoserako trenean zijoala. Espainian modu ilegalean egotea egotzi zioten, eta aske utzi bazuten ere, hamabost eguneko epea eman zioten estatua uzteko. Agindu horren gainetik, ordea, Auzitegi Nazionalak martxoan emandako ebazpena dago, Aaliaren abokatuaren arabera, eta horrek, bertan behera uzten du kanporatzeko agindua.
Gauzak horrela, hainbat elkartasun ekintza antolatzen ari dira hainbat eragile eta herritar, eta gaur arratsaldean argazki kolektibo bat ateratzeko deia egin dute. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Tilosetan eta Aalia bera bertan izango da.
Horrez gain, Sutu Hernanik ere deialdia egin du Hassanna Aaliaren poster moduko batekin argazkiak egin eta sare sozialetan jartzeko, #hassannalibre traola erabilita. Gaur goizean, esaterako, Hernaniko Institutuko ikasleek atera dute argazki bat. Erabiltzen ari diren beste traol bat da, baita ere, #asiloaHassannarentzat.