Unai Loiarte alkatea eta Olaia Lekuonaren kontrako salaketa artxibatu egin dute

Kronika - Erredakzioa 2015ko urr. 10a, 02:00

Ostegunean deklaratu zuten Audientzia Nazionalean Unai Loiarte eta Olaia Lekuonak, Goizuetako alkateak eta herritarrak. Terrorismoari apologia egitea egotzi zieten biei, eta Eloy Velasco epailearen aurretik pasa ostean, bien kontrako salaketa artxibatu egin zuten.
Joan den asteko ostiralean jaso zuten berria, hala azaldu dio Alkateak Kronikari: «ostiralean jaso genuen deia Leitzako kuarteletik. Zitazio bat genuela-eta, bila joateko esan ziguten. Olaiak eta biok jaso genuen deia. Terroris­moari apologia egitea egozten zitzaigun bertan, baina ez zuen paratzen zein ekitalditan oinarritzen ziren, hori salatzeko».

Ostegunean deklaratu zuten, Madrilen
Asteazken eguerdian egin zu­ten Madrilerako bidea Loiarte eta Lekuonak, familiarekin. Gaua bertan pasa, eta ostegunean gerturatu ziren Audien­tzia Nazio­nalera: «bertan azaldu ziguten, festetako txupinazoaren ondotik egindako brindisaren harira zela salaketa. Iñigo zoriondu izana hartzen zuten terrorismoari apologia egitea. Frogak, besteak beste, Goi­zue­tako herriaren berriak ematen dituzten herri komunikabideetatik hartu zi­tuz­tela azaldu zi­guten. Gure defentsak argudiatu zuen, txupinazoaren osteko brindis horretan Iñigo Elizegi preso politikoa zoriondu zutela, bere urtebetetze eguna zelako; eta gainera, hiru egunetara aske geratzekoa zelako».

Erabakia, momentuan
Unai Loiartek deklaratu zuen lehendabizi, Eloy Velascoren aurrean; eta ondoren izan zen Olaia Lekuonaren txanda. Loiartek Kronikari azaldu dionez, momentuan esan zien epaileak kasua artxibatua geratzen zela.

«Guardia Zibilak hasitako kasua da»
Loiartek azaldu du, Guardia Zibilak hasitako kasua dela: «Guardia Zibilak jarri du mar­txan kasua; hala agertzen zen instrukzioan. Eta ez da aurreneko aldia; izan ere, Nafarroan hirugarren udalerria da antzeko egozpenengatik Madrilera deitua izan dena. Hauteskunde kan­­paina bertan da, eta hori ere na­barmentzekoa dela  uste dut».
«Goizuetarrek erakutsitako babesa eskertu nahi dugu»
Asteartean, bilera informatiboa deitu zuten, herritarrei gertaeraren berri emateko, eta bertan goizuetarren babesa jaso zuten, Madrilgo bideari ekin aurretik. Asteazkenean ere, Loiarte eta Lekuona Madrilen zirela, elkarretaratzea egin zuten herriko plazan, egoera salatu eta bi herritarrei babesa erakusteko. Eta ostegunean bertan, goizuetar talde bat gerturatu zen Madrilera, babesa ematera. Esker hitzak dituzte, guztientzat: «bueltan ere, jen­de pila bat zegoen gure zain, ongi etorria egiteko. Halako momentuetan asko eskertzen da babesa. Eskerrik asko guztioi».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!