Lehengo urtean brontzea ekarri zuen etxera Oier Gurutzealde astigartarrak, Mexikoko Mundialetik. Binaka jokatu zuen orduan. Aurten, ordea, eskuz banaka ariko da. Atzo abiatu zen Mexiko aldera, eta astelehenean jokatuko du aurreneko partidua.
Kuba parez pare, aurreneko partiduan
Guztira, 12 herrialdek hartuko dute parte Trinketeko VI. Mundu Kopa honetan: Argentina, Kuba, El Salvador, Frantzia, Mexiko, Estatu Batuak, Bolivia, Txile, Italia, Uruguay, Venezuela eta Espainia. Azken honetako selekzioarekin jokatzeko deitu dute Oier Gurutzealde astigartarra.
Hiru taldetan banatu dituzte jokorako: A taldean ariko dira Mexiko, Uruguay eta Venezuela; B taldean, Frantzia, Estatu Batuak eta Txile; eta C taldean, Espainia, Kuba eta Bolivia.
Hori horrela, aurreneko partidua astelehenean jokatuko du Gurutzealdek, Kubaren kontra, eta asteartean, Bolivia hartu beharko du mendean.
Asteazkenean, deskantsua, aurrera segitzeko
Asteazkena deskantsu eguna izango du astigartarrak, eta aurreko partiduetako emaitzen arabera, ostegunean edo ostiralean jarraituko du jokatzen. Sailkatze fasean aurrenekoa eginez gero, ostegunean finaleko fasean sartuko da, A taldeko jokalarien kontra; hau da, Mexiko, Uruguay edo Venezuelakoak. Bestela, ostiralean izango luke finaleko fasean sartzeko beste aukera bat, B taldearen kontra; Frantzia, Estatu Batuak edo Txileren kontra.
Azken emaitzak, larunbateko partiduak jokatu ondoren jakingo dira.
«Aurkari gogorrenak Mexiko eta Frantzia izango dira, ia seguru»
Zaila, baina ez ezinezkoa
Astigartarrak eskura izan dituen tarte guztiak aprobetxatu ditu entrenatzeko, eta gogotsu abiatu da Mexiko aldera. Hala ere, oinak lurrean, onartzen du lan zailari egin beharko diola aurre.
«Finalera iristea oso zaila izango da, baina ahalegin guztiak egingo ditut. Gainera, susto edo sorpresaren bat emateko gogoz nijoa, Mexikora».
Aurkari gogorrenak, eta beraz, seguru asko finalera iritsiko direnak zein diren ere argi dauka: «Aurkari gogorrenak Mexiko eta Frantzia izango dira, ia seguru. Nere ustetan, horiek dute finalerako boleto gehien».
Munduko Pelota Txapelketarako sailkatzeko balioko dute partidu hauek.
Guadalajaran eta Tepic-en
Partidu guztiak ez dira toki berean jokatuko, eta astigartarrak bi frontoiak probatu beharko ditu. Astelehenean Guadalajaran jokatuko du, arratsaldeko 15:00etan hasita, eta asteartean, Tepic-en, goizeko 11:00etatik aurrera.
Bartzelonako Mundialerako sailkatzeko aukera
Mexikoko Mundu Kopa honetan, mundu osoko 174 pelotarik hartuko dute parte, eta bost modalitatetan jokatuko dute: eskuz banaka eta binaka; larruzko paleta; eta gizonezkoen eta emakumezkoen paleta goma.
Maila altua espero da, eta gainera, garrantzia haundiko partiduak izango dira. Izan ere, Mundu Kopa honetako emaitzek balioko dute Munduko Pelota Txapelketarako sailkatzeko; hau Bartzelonan jokatuko da, 2018an.