Arriatsuko eskola, Osiñaga auzoan dago. Zenbait toki desberdin aztertu ostean, Arriatsu baserriko lurretan egitea erabaki zen eskola. Errepublika garaian egin zen, 1932-1933 urteetan, eta 1933ko abenduaren 6an inauguratu zen. Beraz, lehenengo ikasturtea 1933-1934koa izan zen. Eskola publiko bezala aritu zen 1978 urteraino, eta ondoren, 1978 urteko urrian bertan, Langile ikastolako parte izatera pasa zen, Langileko haurrak bertan ikasiz.
Argazkietan ikusi daitekeen modura, eta Eulali Aranburuk bere lanean aipatzen duen bezala, Arriatsu eskolara joaten zirenek gaurko Osiñaga auzoa gainditzen zuten, hau da, eskolara inguruko beste bazter askotatik etortzen ziren. Batzuk aipatzeko: Portu auzokoak, Kalkulo etxekoak, Zikuñaga ermitakoak, Eziagokoak, Altzega, Andola, Ibarluze, Okendo, Añarregi baserrietakoak... Eta baita Urnietatik ere: Anatz, Ezkerranea, Legarralde, Bekobarkaiztegi, Basoategi, Latxe, Errotaburu... Gurutzeko baserritakoak...
Eskolako ikasleria baserritarren umeek eta fabriketako langileen umeek osatzen zuten. Hasierako urteetakoak guztiz euskaldunak ziren, baina hirurogeiko hamarkadan, euskeraz ez zekiten etorkinen seme-alabak ere, Arriatsun eskolatzen hasi ziren.
Gaztelera hutsean
Noski Arriatsu eskolan, eskola nazionala izanda, nahiz eta ikasle gehienek euskera besterik ez zuten ezagutzen, gaztelera hutsez erakusten zen. Ikasle ohien esanetan, «pedagogiaren aldetik, garaiko beste eskola askotan bezala, ez zen oso eredugarria, ezta batere gozoa ere. Azken urteetan, maisu-maistra berriak etorri ziren, eta egoera errotik, hobera aldatu zen».
Hasierako urteetan, eta berrogeita hamarreko hamarkada arte, Arriatsuko eskolako ikasle askorentzat, Arriatsu eskola izan zen ezagutu zuten eskola bakarra. Bertan ikasten zuten gazteleraz irakurtzen eta idazten, eta aritmetika pixka bat, baliogarria izango zitzaiena, industrializatzen hasi zen Hernanin; adibidez, fabriketan lan egiteko.
«Ikusgarria eta ederra izan zen ikasle ohiak Arriatsu eskola zaharrean elkartzea; hunkigarria»
Halere, nabarmendu dute, baserritar umeentzat, garai horietan, baserria zela eskola nagusia eta bertan jasotzen zutena, oso aberatsa zela: «Nekazal kulturaren ezagutza ia guztia. Eta gaur egun, hasierako ikasle haien biloba batzuk agian, unibertsitatean klaseak ematen ariko dira».
Arriatsuko eskolaren historia hobeto ezagutzeko, Eulali Aranbururen lan bikain bat dago publikatua: Aranburu Urkizu, Eulali, 2002. Arriatsu eskolaren historia. HERNANI urtekaria (27-35 orr).
Ikasle ohien eguna, Pilarika egunean
Arriatsuko eskolako ikasle ohien egunak 25 urte beteko ditu aurten. Arriatsuko eskolan ibilitako zenbait lagunek pentsatu zuten Arriatsuko eskolako ikasle ohien bilkura eta bazkaria egitea, eta Arriatsuko eskolan egitea. 1991 urteko urriaren 12rako jarri zuten eguna eta hor hasi zen ekimena. Lehenengo urteko festa egunak izugarrizko arrakasta izan zuela azaldu diote Kronikari, eta ehun lagun baino gehiagok, guztiak ikasle ohiak, hartu zuten parte. «Adin guztietakoak, eskolako ikasturte guztietako ikasle ohiak bildu ginen, 1933-1934 ikasturtetik hasita, azken ikasturteraino (1977-1978). Ikusgarria eta ederra izan zen ikasle ohiak Arriatsu eskola zaharrean elkartzea. Zenbait lagun urteak ikusi gabe elkartuta, eta eskolan ateratako argazkiak elkarri erakusten, benetan ederra eta paregabea izan zen giroa, eta hunkigarria, eskolako azken irakasleei, Julia eta Salbadori, egin zitzaien omenaldia». Langile ikastolaren laguntza «paregabea» ere eskertzekoa izan zela gaineratu dute: «Orduan beraiek erabiltzen baitzuten eskola, eta kurtsoa martxan zegoen arren, eguna ospatzeko eta festa egiteko eskolako instalazio guztiak utzi zizkiguten. Mila esker!!!». Ondorengo urteetan ere ikasle ohien eguna ospatzen jarraitu zen, eta egun, berrogei inguru lagunek parte hartzen du. Beteranoena Rosarito Eziagokoa izaten da, Arriatsu eskolako lehenengo ikasturteko ikaslea izandakoa, eta aurten ere, bere alaitasunarekin eta animo izugarriarekin, Arriatsu eskolan ez da faltako. Giro ezin hobea izaten da, bazkaria, tertulia, dantza, etabar. «Guztiok elkar maitatuz, elkarrekin eguna konpartitzen dugu», diote. Aurten, 25 urte betetzen direla eta, egun berezia izango dela aurreratu dute, eta zenbait sorpresa ere izango dira.
Argazkietako lagunak identifikatzeko, laguntza
Osiñagako aurtengo jaietan, Arriatsuko eskolako hainbat argazki jarri zituzten ikusgai. Zazpi izan ziren denera, ikasturte desberdinetakoak: 1933-1934, 1938-1939, 1953-1954 (2) (neskak-mutilak), 1956-1957 (2) (neskak-mutilak), 1969-1970 (mutilak). Horiez gain, ikasleen beste argazki bat ere lortu dute eta astelehenean jarriko dute ikusgai. 1940-1941 ikasturtekoa da.
Ikasleen argazki kolektiboetan ia lagun guztiak identifikatu dituzte. Hala ere, azaldu dute zenbait akats egon daitezkeela identifikazioetan edo ikasturtean, eta baita zenbait hutsune, identifikatu gabekoak ere badirelako. Hori horrela, erakusketa osatzen duten argazkietan dauden akats eta hutsuneak zuzentzeko, laguntza behar dutela azaldu dute Osiñagako Auzo elkarteko kideek, eta baita beste zenbait argazki jasotzeko ere: «Arriatsuko eskolako ikasleen bilduma osatuagoa egiteko».
Bertan ikasten zuten gazteleraz irakurtzen eta idazten, eta aritmetika pixka bat, baliogarria izango zitzaiena fabriketan lan egiteko.
«Eskolako argazkiak oso garrantzitsuak direla pentsatzen dugu, kasu askotan, bertan ateratako neska-mutilen argazkiak, lehenengo argazkiak izango zirelako, oroimen kolektiboaren ondareak direlako, gure iragana erakusten digutelako, eta antropologiaren eta gure herriko kulturaren aldetik garrantzitsuak direlako. Eta alde pertsonaletik zer esanik ez», azpimarratu dute.
«Erakusketa lan kolektiboa izan da»
Erakusketa lan kolektiboaren emaitza izan dela azaldu dute auzo elkarteko kideek: «Antolatzeko, zenbait lagunek argazkiak utzi dizkigute, beste lagun batzuk ikasleak identifikatu dituzte, eta beste zenbait lan egin behar izan da. Aipatzekoak: Añarregi baserrikoak, Txabolategi baserrikoak, Rosarito Eziagokoa, Mª Karmen Txonkuanekoa, Mª Luisa Sagastikoa, Milagros Txuriaenekoa, Angelita Txonkuaneakoa, Eulali Aranburu etabar. Guztiek posible egin dute erakusketa antolatzea eta oroimena berreskuratzea. Eta guztiena dela pentsatzen dugulako, Osiñagako Auzo elkarteak guztiekin konpartitu nahi du».
Hori horrela, erakusketa ikusgai jarriko dute astelehenean, urriak 12an, eguerditik aurrera. Arriatsu eskolan bertan izango da. Kronikak ere argazki horiek herritarren eskura jarriko ditu interneten: www.kronika.eus.
«Eskolako argazkiak oso garrantzitsuak direla pentsatzen dugu, oroimen kolektiboaren ondareak direlako, besteak beste»
Eskola berritua, auzolanean
Langile ikastolak 1996 urte ingurura arte jarraitu zuen Arriatsuko eskolan eta gaur egun, Osiñagako Auzo elkarteak erabiltzen du. Gainera, azken hiru-lau urte hauetan, eskola txukuntzen eta berritzen ibili dira auzo elkartetik. Auzolanean egin dute Udalaren laguntzarekin (Udalak materiala jarri du). Aurten bukatu dituzte azken lanak eta aurrerago, eskola berritua aurkezteko ekitaldiren bat egingo dutela aurreratu dute (oraindik ez dute data zehaztu).
Bazkarira joateko, izen-ematea
Aurtengoa berezia izango denez, deialdi berezia egiten diete ikasle ohiei bazkarira animatzeko. Izena emateko bi telefono jarri dituzte eskura: 943 55 58 30 eta 652 75 89 52.