Aste honetan PSE-EEk egindako adierazpenen aurrean, agerraldia egin zuten atzo Luis Intxauspe alkateak eta Mattin Aldaia zerbitzu publikoetako arduradunak, Udal Gobernu Taldearen izenean, hiru helbururekin: «kameren gaiari buruz azalpenak eman, prentsan ateratako zenbait kontu gezurtatu, eta manipulazio horren arrazoiak salatu».
Kamerak kendu beharko zituztela azaldu zuten sozialistek, eta informazio horren kontra egin zuen Intxauspek: «ez dugu kamerarik kenduko, ez dugulako bat ere jarri. Alderdi sozialistari eskatu nahi diogu, herritarrak ez nahasteko informazio desitxuratu eta manipulatuarekin».
«PSE-EEren salaketa artxibatu egin zuen Datu Babeserako Agentziak»
Martindegiko bilketa puntuan, hondakin arriskutsuak azaldu zirelako hasi zen irtenbide bila Udala, Intxauspek azaldu zuenez: «kristalak eta amiantoa ere azaldu ziren, eta hasieran, kartelekin eta Udaltzaingoarekin saiatu ginen konpontzen. Baina guztiz konpondu ez zenez, kamera jartzea planteatu genuen. 2012tik, bazegoen bat Elizatxon, baina disuaditzeko, martxan jarri gabe. Eta hondakin arriskutsuak ez botatzea lortu zuenez, aukera hori planteatu genuen Martindegirako ere».
Plenoan onartuta, lau tokitan kamerak jartzeko baimenak lortzeko prozesua abiatu zuten: Osiñagan, Martindegin, Elizatxon eta Jauregin. Horren aurrean, salaketa jarri zuen PSE-EEk. «Sozialistek diote, erantzuna izan zela kamerak kendu behar genituela. Baina ebazpenak dio, ez zituztela inon ikusi PSE-EEk jarrita zeudela salatzen zuen kamerak, eta salaketa artxibatu zuten. Prozesua hasi baino lehenago kendu genuen Elizatxokoa ere», azaldu zuen alkateak.
Modu berean, azaldu zuen aurreko astean tramitatu zela eskaera, eta erantzunaren zain daudela: «baimena jaso arte, ez dugu kamerarik jarriko».
«Badirudi denak balio duela atez atekoaren kontra»
Intxauspek azaldu zuen, «herritarren segurtasunerako» jarri nahi dituztela, «arriskua dagoelako», eta horretan segiko dutela lanean. Eta kritikatu nahi izan zuen «erraustegiearen aldeko lobbyak edozer aprobetxatzen duela gure sistema kritikatzeko. Badirudi denak balio duela atez atekoaren kontra».
Eta kontsulta eskaerari ere egin zion erreferentzia: «galdetuko al digute gipuzkoarroi, 5 kilometrora jarri nahi diguten erraustegia nahi dugun?».