«Pozik» hartu du Hernaniko PSE-EEk Luis Intxauspe alkatearen erabakia, «jarritako bideokamara kentzeko hondakinen bilketarako larrialdi gune batetik, eta aurreikusita zeuden beste kamarak ez jartzeko». Atzo emandako prentsaurrekoan, Ricardo Crespo bozeramaileak adierazi zuen, ziur daudela «Datuen Babeserako Euskal Agentzian jarri genuen salaketari esker egin duela atzera Bilduren Udal Gobernuak».
Crespok kritikatu du, atez atekoa kontrolatzeko kamarak jartzea «neurrigabekoa» zela, «hernaniarrak kontrolatzeko saiakera bat» zelako: «legearen kontra doa, ezin direlako bideokamarak jarri bide publikoan, ez bada herritarren segurtasunerako. Baina hala ere, jartzeko eskaera egin zuen Eusko Jaurlaritzan, eta ezezkoa jaso ondoren, argudiatu zuen segurtasunerako zela».
Horregatik, salaketa aurkeztu zuten Datuen Babeserako Agentzian, eta azken honek, «jarritako bideokamara kentzeko eskatu dio Udalari, beharrezko baimena ez daukalako, eta legez kanpokoa delako». Modu berean, Crespok alkatearen jokabidea kritikatu du: «azken plenoan, kamarak ez zirela jarri esan zuen bakarrik, kasua azaldu gabe».
«Atez atekoaren kontsulta egitea eskatuko dugu»
Bestalde, alderdi sozialistak aurreratu du, «atez atekoaren kontsulta egitea» eskatuko diola alkateari, «herritarrek erabakitzeko atez atekoa kendu nahi duten ala ez».
Gogorarazi dute, «herritarrek 6.000 firma baino gehiago bildu zituztela sistemaren kontra. Ezin da herritarren kontra gobernatu, eta ez bada zuzen erabiltzen sistema, galdetu beharko zaie zergatik. Gu edukiontzien sistemaren alde egon gara beti, organikoarena gehituta», azaldu dute.