Legegintzaldiko aurreneko 100 egunak «lanean jarraitzeko zein autokritika eta hausnarketa egiteko» erabili dituela azaldu du EH Bilduk, «herri batzarrean herritarrekin batera».
Galdeketa mahaia eta azpiegitura obrak, aurrera
Irakurketa egitean, positibotzat jo du galdeketa mahaia osatzea. «Aurreko legealdian eztabaida gehien eragin eta kudeatzen asmatu ez genuen ikasgaiarekin hasi dugu legegintzaldi berria: hondakinen kudeaketa. Galdeketa egitearekin bat eginda, galdeketa bera antolatzeko mahai baten sorrera eskatu dugu, eta EH Bilduren pro–posamena aho batz onartu izanak asko poztu gaitu».
Era berean, «ikastolan, kiroldegian, haur eskolan... legealdia hasi eta aurretik egindako lan eta apustu gehienak aurrera doazela ikustea pozgarria» dela azaldu du.
«Gazitik gehiago»
Hala ere, Udal Gobernu Talde berriaren lehen egunek «gehiago izan dute gazitik, gozotik baino», EH Bilduren ustez. «EH Bilduk luzatutako botere traspasoa egiteko gonbiteari uko eginez eta EH Bildu zokoratuz hasi zen legealdia, eta ordutik, Udal Gobernuko kideen artean deskoordinazio eta komunikazio falta nabarmena da».
Era berean, «gezurrak, lege eta arautegi urraketak eta alokairu soziala zokoratzea» egotzi dizkio EH Bilduk Udal Gobernu Taldeari.
«Posizio, lehentasun eta estiloak argitzeko» ere aukera izan du EH Bilduk: «Astigarragan Garraio Hiria egitearen alde azaldu da gobernu berria, EH Bilduk bertan agroalde bat sortzeko aurkeztu duen mozioa baztertuz».
«Erronka ez da makala»
Honen aurrean, «erronka ez da makala» EH Bilduren ustez, baina lanerako prest azaldu da eta lanak zehaztu ditu: «hondakinen galdeketa txukun antolatu eta aurrekontuak herritarrekin landu, herritik eginiko proposamenak Udal Gobernuari helarazteko. Gainera, eragileekin erronda egiten hasi gara (...) partehartzea ziurtatzeko».