Hiru hilabete pasa dira alderdi jeltzaleak Astigarragako udaletxeko gobernua hartu zuenetik, eta balorazio bat egin du: «lehen ehun egun hauek kokatzeko, eta, batez ere, aurreko gobernuak bukatu gabe utzitako etxekolanak zeintzuk diren jakiteko izan da. Suteak itzaltzen eman ditugu lehenengo ehun egunak».
Lehentasunak izango dira, kontsulta, kiroldegia eta mantentze lanak
«Ezker abertzaleak utzitako herentzia nagusia atez atekoa inposatu izana» da Udal Gobernu Taldeak azaldutakoaren arabera. «EAJk bere hauteskunde programan agindutako kontsulta martxan jarriko du, eta horretarako EH Bilduk bere legealdiaren azken hilabeteetan onartu zuen Partehartze, Gardentasun eta Informazio ordenantzaz baliatuko da. Udal Gobernuak positibotzat hartzen du ezker abertzaleak bere pentsaera aldatu izana, eta duela bi urte ez bezala, orain kontsulta babesteko asmoa azaltzea».
Bestalde, «jasotako beste proiektu bat kiroldegiaren berrikuntza da». EAJk azaldu du aurreneko faseak hutsune nabariak dauzkala, eta horiek zuzenduta hasiko dela bigarren fasea. «Diru falta argudiatuz gobernuak obra geldiarazi duela zabaldu dutenen zurrumurrua ezeztatu nahi genuke; aurreko udalbatzaren hutsegiteak eragin baitu atzerapena».
«Positibotzat hartzen dugu ezker abertzaleak bere pentsaera aldatu izana»
Azkenik, «gobernu berria kezkatuta» azaldu da «kale, espaloi eta errepideen mantentze lanei zuzndutako diru kopuru eskasa ikusita». Era berean, ikastolako lanei dagokienez, EAJk azaldu du: «ezker abertzaleak ez ditu batere txukun kudeatu handitze lanak eta obraren finantzaketa».
Laburbilduz, «hasitako egitasmoak bideratu eta erronka berriei aurre egitea» izango dira Udal Gobernu Taldearen asmoak.