Gaurtik aurrera, Hernaniko neska-mutilek etxetik eskolarako bidea bizikletaz egiteko aukera izango dute. Bi ibilbide aurreikusi dituzte: Florida auzotik goizeko 08:30etan aterako dena; eta Zikunagatik 08:35etan abiatuko dena. Ibilbideak 20 minutu ingurukoak dira, eta gogoratu dute, ikastetxe guztietara iritsiko direla, hala nola, Elizatxo, Inmakulada, Langile eta Urumeara. Adinari dagokionean, 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek laguntzarik gabe egin dezakete; eta txikiagoak gurasoekin. Kaskoa eta aldatzeko arropa eraman behar direla ere, gogoratu dute; azken hau, ikastetxean eduki daitekeela ere, azaldu dute.
Ohitura osasungarriak hartzea, helburuen artean
Asko dira ekimen honek dituen helburuak, eta horietako bat da, haurrak kirola egitea eta ohitura osasungarriak hartzea. Bide batez, herriko bidegorri sarea ezagutu eta erabiliko dute. Gainera, ikastetxe guztietako haurrek elkarrekin egingo dute saioa, eta hortaz, besteak beste, lagun berriak egiteko aukera ere izango dute. Halako ekimenei esker, haurrek autonomia lantzen dute, eta auzoetan bizi direnei, laguntza eskaintzen zaie. Era berean, gurasoei egunero autoa hartu eta eskolara joan-etorria egiteko zama arintzen zaie; eta beraz, kutsadura ere gutxitu egiten da. Eta sinpleagoak diren beste hainbat helburu ere, baditu ekimenak: aire osasuntsua arnastea, egunari alaitasunez ekitea, euskeraz hitz egitea...
Bide heziketan, aurrera pausoa
Bide heziketa urteroko ikasgai bihurtu da herriko ikastetxeetan. Honi esker, haurrek oinezko eta txirrindulari arduratsuak izateko jarraibideak ikasten dituzte, beti ere, udaltzainek lagunduta: «BiziBusa egitasmo berria da, bide heziketan aurrera pausoa. Hain zuzen ere, garraiobideak arduraz erabiltzeko ikasgaiari heldu nahi diogu, eta eguneroko praktikarekin, hasitako zikloa osatu, teoriatik praktikara pasa».