Urumea bailarako etxeetan dozenaka dei izan ziren urte hasieran, kontsumitzen zituzten hedabideen inguruan galdezka. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Politikarako Sailburuordetzak ikerketa bat jarri zuen martxan, Euskal Hedabideen kontsumoa aztertu nahian. Ikerketa honen emaitzak ostegunean azaldu zituzten Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako Sailburuordeak, Jokin Azkue Euskara Sustatzeko Zuzendariak eta Jon Aizpurua Ikerketako zerbitzuburuak; Eusko Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan egin zuten agerraldian.
Azterketaren nondik norakoak
Datuak eman aurretik, azterketaren nondik norakoak azaldu zituzten. Ikerketa 2015eko urtarrila eta uztaila bitartean egin zuten, eta azaldu zutenez, euskarazko hedabide kontsideratu dute euskera hutsean kaleratzen dena. Adierazi zutenez, azterketaren helburu nagusia izan da euskerazko hedabideak zenbatek kontsumitzen dituzten jakitea, eta kontsumitzaile horien ezaugarri nagusiak zeintzuk diren ezagutzea.
Euskeraz ondo edo nahiko ondo moldatzen direnen artean, galdeketa
Azterketa ez zaie herritar guztiei egin, «kontsumitzaile potentzialei» baizik. Azaldu zutenez, kontsumitzaile potentzialak kontsideratu dira euskeraz ondo edo nahiko ondo hitz egiten dutenak: «hau da, euskaldunak; euskeraz ondo edo nahiko ondo hitz egiten dutenak, eta ondo ulertzen dutenak». Bestalde, azaldu zuten kontuan hartu dituztela baita ere, «ez euskaldunak, baina euskerazko hedabide bat ulertu edo irakurtzeko gai direnak».
Adinari dagokionean, 16 urtetik gorako biztanleei egin zaie galdeketa; erdiak gizonezkoak izan dira, eta beste erdiak emakumezkoak.
«Atzo zer irakurri, ikusi edo entzun zenuen?»
Azterketa Ikertalde enpresak egin duela jakinarazi zuten, eta CATI sistema erabili dutela, hau da, inkestak egiteko telefono deiak egin dituztela.
Audientzia neurtzeko garaian berriz, EGM eta CIES enpresek erabiltzen duten metodologia beretsua erabili dutela azaldu zuten: «elkarrizketatuek atzo zer ikusi, entzun edo irakurri zuten erantzun dute, beraz, ‘atzo’ hori izan da kontuan».
‘Kronika’ 4.698 herritarrek erantzun dute
Eusko Jaurlaritzak azaldu zuenez, bailaran egin diren elkarrizketa gehienak Gipuzkoan egin dira %99a; eta %1a Nafarroan.
Datuak aztertzen hasita, Jaurlaritzaren esanetan, Atzo zer irakurri zenuen? galderari 4.698 herritarrek erantzun zioten ‘Kronika’. Horien artean, 3.032k azaldu zuten 10 minutu baino gehiago pasatzen dituztela, Kronika irakurtzen. Maiztasunari dagokionean, egunero edo astean 3 edo 4 aldiz 6.975 herritarrek irakurtzen dute Kronika. Astean behin, bitan edo noizean behin berriz, 1.407k. Azkenik, guztira, 8.382 dira, irakurtzen duten euskaldunak.
Audientziaren edo irakurleen ezaugarriei dagokienean, gizon zein emakumezkoek paretsu irakurtzen dute Kronika: %54 eta %46, hurrenez hurren. Adinari dagokionean, irakurle gehienak 35 urtetik gorakoak dira, hau da, %75a 35-49 eta 50etik gorako tartean dago. Azkenik, ikasketa mailari dagokionean, erdi mailako ikasketak dituzte irakurle gehienek, %60ak; lehen mailako ikasketak dituzte %21k eta goi mailakoak %19ak.
Irakurleen hizkuntzaren inguruko datuak ere eman zituen Jaurlaritzak. Kronikako irakurleen %76ak euskera du lehen hezkuntza; %17ak gaztelania; %7ak berriz, biak. Hitz egiterakoan ere, %43ak euskeraz hitz egiteko erraztasun gehiago duela azaldu du; %18a hobeto moldatzen da gaztelaniaz; eta %39a ondo aritzen da bi hizkuntzetan. Irakurtzerakoan ordea, gaztelaniaz hobeto moldatzen dela aitortu du %54ak: bietan erraztasun bera dutela azaldu dute %31k; eta euskeraz hobeto moldatzen dela %15ak.
Azkenik, euskarriari dagokionean, Kronikako irakurle gehienak, %89ak, paperean irakurtzen du; %5ak internetez; eta beste %5ak bi euskarrietan.
Balorazioa, orain
Hasieran aipatu bezala, Kronikak ostegunetik ditu Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketaren datuak. Orain azterketa eta hausnarketarako tartea hartuko du, eta emango du egindako balorazioaren berri, aurrerago.